AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/11 10:52

Elkargune bilakatu dira Burlata (Nafarroa) eta Atarrabia (Nafarroa) gaur arratsaldean, Gazte Topagune Sozialistari hasiera emateko. Aurten, Iruñerriko bi udalerri horietan antolatu dute urteroko ekimena Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA). Gazteek hainbat hilabetez izan dute EH Bildu-Sortu buru duten bi udaletako kudeatzaileen ahozko baimena Topagunea egiteko. Gerora, ordea, maniobra burokratiko baten bidez, ekimena aurrera eramateko baimen nagusiak ukatu dizkiete bi udalek GKSri eta IAri, Topagunea dagoeneko jendaurrean aurkeztuta zegoenean eta antolaketa-lan guztiak aurreratuta zeudenean.

EH Bildu-Sortuk hainbatetan jarri dizkie beto eta debeku politikoak Mugimendu Sozialistari eta hark antolatutako ekimenei, eta oraingoan ere argi hitz egin dute GKSk eta IAk: "Gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean, kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da; are gehiago, motibo politiko eta arbitrarioetan oinarritutako debekua denean", adierazi zuten Burlatan hilaren 3an, agerraldi baten bidez. Orduan jakinarazi zuten, EH Bildu-Sorturen debekuen gainetik, Topagune Sozialista egiteko asmoari eta hautuari eusten ziotela. Hortaz, Atarrabian eta Burlatan mantendu dute hitzordua gazteek, hilaren 13rako eta 14rako, egitaraua moldatuta.

Hitzaldi politikoak nagusi

Gaur 15:00etarako hurbildu da jende andana Burlatako Gaztetxera, kideekin elkartzeko eta Topagune Sozialistari ekiteko. Ohi bezala, aurtengo edizioan ere zentraltasuna dute hamaika auzi politikoren inguruan hausnartzeko hitzaldiek, eta, hain zuzen ere, horrekin ireki dute Topagunea: debeku guztiak gaindituta, Burlatan eta Atarrabian izan dira hiru hitzaldi jendetsu aldi berean, 18:00etan hasita.

Ohi bezala, aurtengo edizioan ere zentraltasuna dute hamaika auzi politikoren inguruan hausnartzeko hitzaldiek. [...] Urriaren hasieran Burlatan egindako agerraldian adierazi zuten jada GKSko eta IAko kideek: "Gazteon artean pentsamendu kritikoa bultzatzeko, ez dugu udal debekatzaileen baimenik behar"

Zehazki, ondoko hiru saioak eskaini dituzte arratsaldean, ehunka lagun elkartuta bakoitzean: Gazte zein ikasle langileok eta sozialismoaren eraikuntza. Egungo erronkak Atarrabiako Atargin, Militantzia komunista. Nolakoa izan behar du burgesiaren botereari aurre egiteko militantziak? Burlatako plazan, eta Proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa: koiuntura historikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak, Atarrabiako plazan. Urriaren hasieran Burlatan egindako agerraldian adierazi zuten jada GKSko eta IAko kideek: "Gazteon artean pentsamendu kritikoa bultzatzeko, ez dugu udal debekatzaileen baimenik behar".

Ikusi hemen hiru hitzaldien laburpenak bideoan jasota, Twitter bidez.

Debekuen eta militantzia komunistaren aurkako jazarpenaren kontrako aldarria, kalera

Hitzaldien ostean, iluntzeko 20:00etan, indarrak batu eta protestara jo dute gazteek. Burlatako udaletxe aurretik hasita, manifestazio bat egin dute Atarrabiaraino. Aldarria argia izan da: Topagune Sozialistari debekurik ez! Gazte langileon aurkako jazarpenari aurre egin! lelopean mobilizatu dira Burlatako eta Atarrabiako kaleetan barrena.

"Gaur Atarrabian eta Burlatan elkartu gara Topagune Sozialistari hasiera emateko; pentsamendu kritikoa sustatzeko, ideiak elkarbanatzeko, eztabaidatzeko, komunitatea sendotzeko eta, nola ez, Topagune Sozialista debekatu nahi izan dutenen aurrean, irmo eta determinazio osoz, borrokan eta antolakuntza komunista hedatzen jarraituko dugula ozen
adierazteko", adierazi dute GKSko eta IAko kideek manifestazioaren amaieran.

"EH Bilduk inoiz baino argiago azaldu du hedatzen eta hazten ari garen gazte komuniston bidea oztopatzen lehen lerroan egongo direla"

"Guztiok jakitun garen legez, oztopoak eta zailtasunak baino ez ditugu izan aurtengo Topagunea egin ahal izateko. Behar-beharrezkoak ziren azpiegiturak ukatu dizkigute, eta horren bitartez Topagunea debekatu", gogorarazi dute. Hala, erantzule zuzenak seinalatu dituzte: "Garbi ikusi dugu EH Bilduk ez duela zalantzarik egiten; gai denean eta hala nahi duenean, bere interes propiorako erabiltzen ditu erakunde publikoak, legedia eta trikimailu administratiboak. Eta inoiz baino argiago azaldu du hedatzen eta hazten ari garen gazte komuniston bidea oztopatzen lehen lerroan egongo direla". "UPN eta gainontzeko alderdi politikoak bezala, udal gobernuan duten posizioa erabiltzen dute beraien kontrolpetik kanpo dauden mugimenduk blokeatzeko", gaineratu dute gazteek.

"Topagunea debekatzeko egindako maniobra burokratikoen ostean [EH Bildu-Sortuk] hartutako jarrera" ere salatu dute: "Debekuaren erantzukizuna beraien gain hartu ez, eta herriaren izenean jarduten dute; herriaren eta Mugimendu Sozialistaren arteko ustezko gatazkan gotortzen dira. Ez daukate egoerari aterabiderik emateko inolako borondaterik, eta gure aurkako intoxikazio saiakera, gezur eta manipulaziora bideratu dituzte beraien indarrak". Ohartarazi dute, dena den, "Topagune Sozialista moldatu, herritarrak kontuan hartu eta arduraz jokatu" dutela GKSk eta IAk.

"Ez daukate egoerari aterabiderik emateko inolako borondaterik [EH Bildu-Sortuk], eta gure aurkako intoxikazio saiakera, gezur eta manipulaziora bideratu dituzte beraien indarrak"

"Ez gaitzatela harriduraz bete azken hilabeteetako gertaerek. Urteak daramatzagu beto saiakerak bizitzen EH Bildu-Sorturen partetik" jarri dute testuinguruan militante gazteek, hala ere. Horren guztiaren adibide modura aipatu dituzte "txosnetako betoak, blokeo politikoa, eta ekimenak egiteko zailtasun eta oztopoak". "Debekuen gainetik, Topagune Sozialistak aurrera jarraitzen du, Euskal Herriko gazte langileoi eta Atarrabiako zein Burlatako herritarrei bertan parte hartzeko deia eginda. Betoa ezarri dutenak aparte utzita, pentsamendu kritikoa bultzatzeko ez delako debekatzaile horien baimenik behar", nabarmendu dute GKSko eta IAko kideek.

"Jakina da Topagune Sozialistaren atzean dagoen lan zama zenbaterainokoa den; jakina da egunero-egunero, herriz herri eta auzoz auzo, hau posible egin duzuen bakoitzaren konpromisoa eta lanerako grina zenbaterainokoa den; jakina da honen guztiaren atzean dauden ilusioa eta indarra zenbaterainokoak diren, eta hori guztia dakitelako zapuztu nahi izan digute Topagunea".

"Jakina da honen guztiaren atzean dauden ilusioa eta indarra zenbaterainokoak diren, eta hori guztia dakitelako zapuztu nahi izan digute Topagunea"

"Urteak daramatzate beraien ezkerretara sortzen ari den espazio politikoa indarrez suntsitu nahian. Baina begi bistakoa da ez dutela lortu eta ez dutela lortuko", aldarrikatu dute gazteek. "Beste edozein alderdirekin egingo genukeen bezala, debeku arbitrarioak salatuko ditugu. Salatuko ditugu alternatibarik gabeko etxegabetzeak, neurri antiproletarioak, etxebizitza lege fartsak; baita 'ezkerrekoek' bultzatzen dituzuenean ere, eta horregatik egiten diguzue aurre" esan dute ozen, EH Bildu-Sorturi zuzenduta.

"EH Bildu-Sorturen eta gainontzeko alderdi politikoen debekuen gainetik, antolatzen jarraituko dugu. Demokraziaren atzean ezkutatzen duten errepresioaren aurrean antolatzen jarraituko dugu. Guri ez zaigulako enpresarien eta progresismoaren izenpean gotortzen diren politikari profesionalen Euskal Herri bat interesatzen. Guri ez zaigulako erreformaren proiektu burges eta autoritarioa interesatzen", jakinarazi dute GKSk eta IAk: "Horregatik, kontzientzia sozialista hedatzeko lanean jarraituko dugu. Militante komuniston aurkako eraso ororen aurrean determinazio osoz erantzungo dugu. Eta gaurkoan, indarrez debekatu nahi izan diguten Topagune Sozialistarekin aurrera egingo dugu".

"Horregatik, kontzientzia sozialista hedatzeko lanean jarraituko dugu. Militante komuniston aurkako eraso ororen aurrean determinazio osoz erantzungo dugu"

Bihar ere, hausnarketa politikorako eta mobilizatzeko abagunea

Goizean hasiko dira biharko ekimenak, berriz ere, indar handiko hitzaldi politiko batekin: Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak. Eguerdian beste manifestazio bat izango da Iruñeraino (Nafarroa), Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! aldarritzat hartuta. Bazkaltzeko tartearen ondotik, kontzertuak izango dira Totem aretoan: TOC, Merina Gris, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro eta Raimundo el Canastero arituko dira, eta Haustura Showcase saioa ere eskainiko dute.

Goizean hasiko dira biharko ekimenak, berriz ere, indar handiko hitzaldi politiko batekin: Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak

EZ DAGO IRUZKINIK