Zailtasunak zailtasun, inauterietan txoznagune bat jartzea eta egitarauarekin aurrera egitea lortu du Tolosako (Gipuzkoa) Txozna Batzordeak. Atzo egin zuten agerraldi bat Txozna Batzordea osatzen duten eragileek eta babesa eman dieten hainbat norbanako eta taldek, eta orduan berretsi zuten txozna jarriko dutela aurtengo inauterietan eta aurrera doala argitaratutako egitaraua. Horretaz gain, baina, "azken asteetan indar politiko ezberdinen partetik izan diren jarrerak salatu" zituen Txozna Batzordeak; zehazki, EAJ buru duen udal gobernuaren eta Ezker Abertzalearen partetik.
Udalaren jarrera autoritarioa
"Urtez urte ikusten ari gara gero eta zailtasun gehiago daudela herriko plazetan instituzioz kanpoko ekimenak antolatzeko. Herriko festetako txoznez gain, zapalkuntzei aurre egin nahi dien edozein ekimen publikori geroz eta traba administratibo gehiago inposatzen zaizkio", adierazi zuten agerraldian Txozna Batzordeko kideek. Horrekin guztiarekin lotu zuten, hain zuzen ere, Tolosako Udalaren jarrera eta txozna Euskal Herria plazatik Plaza Berrira mugitzeko hartu duen erabaki autoritarioa.
Udalaren hautua "sozializazio eta aldarrikapen gune independente bati mugak jartzeko saiakeratzat" jo du Txozna Batzordeak. Zaratari lotutako argudioak erabili ditu udalak txozna tokialdatzeko, baina hori aitzakia bat baino ez dela ohartarazi zuten atzo Txozna Batzordeko kideek, eta hori "garbi ikusi" dela "soinua jaisteko neurri zehatzak proposatu" dizkiotenean, udalak entzungor egin baitie irtenbide horiei. "Azken urteetan txoznak hartu duen dimentsioak eta tamainak kezkatzen du udala, bizilagunek baino gehiago", seinalatu zuen Txozna Batzordeak.
Ezker Abertzalearen mugimenduak
Txozna jartzeko udalaren oztopo horien guztien erdian, eta "txozna Euskal Herria plazan mantentzeko borroka" bete-betean, Ezker Abertzaleak esku hartu zuen duela zenbait aste. Ordura arte Txozna Batzordearen parte izan zen Ezker Abertzalea, baina bat-batean adierazi zuen Plaza Berrian txoznagune berri bat sortuko zuela inauterietan, "udalak Txozna Batzordeari eskainitako bigarren aukera haientzat hartzeko asmoarekin".
Sortu eta Ernai, komunikatu publiko baten bidez, inauterietako txozna zela-eta EAJrekin piztuta zegoen gatazkatik "bereizten" saiatu ziren, txozna Plaza Berrira lekualdatzeko udalaren erabaki autoritarioari "amen eginez eta Txozna Batzordearen gaineko gezurrak zabalduz", Txozna Batzordeak agerraldian salatu zuenez. "Aditzera eman zuten Ezker Abertzaleko eragileei Txozna Batzordera sartzea debekatzen zaiela, eta hori ez da inondik inora egia", gaineratu zuen.
"Gertatu dena izan da azken urteetan Ezker Abertzaleari txoznak ez zaizkiola inporta izan eta ez duela iniziatiba politikorik izan horien eraikuntzan, ez zeukalako bertan bere ikuspegi politikoa gailentzeko gaitasunik. Horrela, Mugimendu Sozialistako militantziak izan du txoznak aurrera ateratzeko iniziatiba nagusia eta arduraz hartu ditu lan horiek, gainerako indar politikoak baztertu gabe", azaldu zuten Txozna Batzordeko kideek. "Aurtengo egoera berezian, ordea, Ezker Abertzaleak aukera ikusi du jokaldia egiteko eta bere kontrol politikodun txozna bat jartzeko Plaza Berrian, Mugimendu Sozialista gainetik kenduta", gehitu zuten, Ezker Abertzalearen azken mugimenduei buruz.
Ezker Abertzalearen jarrera partekatutako espazioetan
"Ezker Abertzalea eta EAJ eskutik emanda eta txozna jartzeko aukerarik gabe geratzeko arriskuaren aurrean", Txozna Batzordeak ez zuen beste aukerarik izan: txozna Euskal Herria Plazan mantentzeko borroka alde batera utzi behar izan zuen, eta txozna Plaza Berrian jartzeko prestaketa-lanei ekin zien.
Ordutik, eta modu paraleloan, inauterietarako beste egitarau bat antolatzen saiatu da Ezker Abertzalea, Txozna Batzordearen esanetan. Gainera, Ezker Abertzaleak ez du "gainerako eragileekin mahai berean eseri nahi izan, nahiz eta gonbidapena egin zaion". "Horrekin, denen artean itxi beharreko auzi teknikoak blokeatu ditu azken momentura arte, eta txoznaren antolakuntza ia ezinezko bilakatu du; hori errespetu falta handia da", esan zuen atzo Txozna Batzordeak.
Ezker Abertzaleak, Euskal Herriko beste herri batzuetan, Mugimendu Sozialistari txoznak izateko jarritako beto politikoak gogoan izanda, Tolosako Txozna Batzordeak uste du inauteriei lotutako gertakariek ere "argi erakusten" dutela "Ezker Abertzalearen jarrera zein den espazio politiko partekatuetan": "berekiko akritikoak diren eragile politikoak aniztasunaren txapelaren pean biltzen ditu, eta ezkerretik kritika politikoa egiten dioten eragileak paretik kentzen saiatzen da".
"Hori egiteko ez du inolako erreparorik EAJren interesen defentsa egiteko, ez eta txoznek urte luzez izan duten izaera aldarrikatzaile eta politikoa kolpe batez kentzeko ere", gaineratu zuen atzokoan Txozna Batzordeak: "Nahiago du ia udalaren aisi eskaintza bat den gune despolitizatu bat, politikoki kontrolatzen ez duen txozna aldarrikatzaile bat baino".
Manifestazioa, bihar
"Beti egongo gara prest zapalkuntza ezberdinei aurre egin nahi dieten eragileekin batera txoznak antolatzeko, baita gune horiek jasaten dituzten erasoei elkarrekin aurre egiteko ere", gogorarazi zuen Txozna Batzordeak. Inauterietako txoznaren antolaketan jasandako oztopo eta eraso guztiak salatzeko eta txoznen defentsan, mobilizazio bat antolatu du biharko, Ostegun Gizenerako. 19:00etan hasiko da manifestazioa, Plaza Berritik.
"Garai politikoak aldatzen ari diren honetan", Txozna Batzordeak ezinbestekotzat jo du "txoznen eta antzeko gune propioen defentsa egitea, urte luzetako borrokaren bidez lortutako espazioak direlako eta aurrerantzean ere hori izango delako berme batzuk lortzeko bide bakarra".