AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/27 20:33

Tolosako (Gipuzkoa) Txozna Batzordeak agerraldi bat egin zuen atzo, inauterietako txoznari dagokionez, Tolosako Udalaren aldetik jasaten ari den oztopoen berri emateko; izan ere, "udalaren erasotzat" jo ditu traba horiek. "Soinu arazoak argudiatuta", inauterietako txozna tokialdatu nahi du udalak; Euskal Herria Plazatik Plaza Berrira, hain zuzen ere. Gainera, udalaren "utzikeria eta arazoa atzeratzeko darabilen estrategia" seinalatu du Txozna Batzordeak: "Plaza Berrian jartzearena esan zigutenean [udaletik], proposamen zehatz bat prestatzen ari zirela esan ziguten eta Gabonen aurretik emango zigutela; oraindik ez dugu jaso. Baliabide guztiak haien esku daudenez, auzia geroz eta gehiago luzatu, orduan eta egoera okerragoan gaudela [Txozna Batzordea] argi daukate".

Txozna Batzordeko kideek azaldu dute ez dela "kapritxo bat" inauterietako txozna Euskal Herria Plazan jarri nahi izatea: "Txozna antolatzeko plaza egoki bakarra da". Izan ere, Euskal Herria Plazan soilik kabitzen da txozna estaltzeko jarri ohi duten karpa, eta, bestalde, "festa giroaren erdigunean egon izan da txozna, tabernek eta karrozek osatzen duten zirkuituan integratuta", Txozna Batzordearen esanetan. "Plaza Berrian askoz ere bereiziago egongo litzateke", gaineratu du.

Udalak zaratari lotutako arrazoiak eman ditu inauterietako ohiko txozna lekualdatzeko, baina, horren aurrean, iritzi argia dute Txozna Batzordeko kideek: "Kontzertuak kioskoan, hau da, karparen kanpoan egotea proposatu izan digute. Karpak berak soinuaren aurka egiten duen babesa kentzea da hori, bizilagunentzat are okerragoa litzatekeena. Gainera, Plaza Berrian etxebizitzak txoznatik askoz ere gertuago leudeke. [...] Plaza aldaketarenak ez du, beraz, zentzurik".

Tokialdaketak inauterietako txoznaren "bideragarritasuna zalantzan" jar dezakeela azaldu du Txosna Batzordeak. "Gauza jakina da hainbat eragile politikorentzat eguneroko jarduna mantentzeko behar-beharrezko diru-iturria dela txozna", sakondu du. Hortaz, exijentzia bat egin dio udalari: "Ez dezala jarraitu horiek [aipatutako eragile politikoak] ekonomikoki itotzea bultzatzen, horien jarduna gustatzen ez bazaio ere".

Protesta eta aldarriak

Txozna Batzordeak dio ez daukala "inolako asmorik plazaz aldatzeko", eta txozna Euskal Herria Plazan mantentzeko lanean jarraituko du. Urtarrilaren 13rako elkarretaratze batera deitu du udaletxe aurrean; 18:00etan izango da protesta. Horretaz gain, "salaketa kanpaina" bati ekin dio, eta "babesa publikoki adierazteko" deia egin die tolosarrei. Horri lotuta, sinadura bilketa bat hasi du (sinatzeko, sartu hemen), eta babesa emateko argazkiak eta bideoak ere bilduko ditu, Tolosako inauterietan txozna EH Plazan eta Udalaren erasoa gelditu leloekin.

Bi eskari egin dizkio udalari, beste behin. Batetik, "aurten ere txozna Euskal Herria Plazan jartzeko baimen ofiziala lehenbailehen ematea" eskatu dio. "Antolakuntza bete-betean sartuta gaude eta tramiteekin jarraitzeko beharrezkoa da", gehitu du. Bestetik, aurrera begirako berme bat exijitu dio; alegia, "datozen urteetan Euskal Herria Plazan txozna jartzeko oztoporik ez jartzea".

EZ DAGO IRUZKINIK