Ertzaintzaren interbentzio bortitz bat zigorrik gabe utzi nahi dute berriz, Tolosako (Gipuzkoa) epaile batek artxibatu egin baitu 2024ko Inauterietan ertzainek zauritutako gazteetako baten auzia. Bi ertzainen aurka ireki zuten prozesu judiziala, iazko otsailaren 13an Xuhar Pazos larriki zauritzeagatik, foam jaurtigai batekin begian jota. Inauterietako gau horretan, kalean ospakizun betean zegoen jendearen aurka bortizki kargatu zuen Ertzaintzak, zenbait pertsonaren artean izandako liskar bat aitzakiatzat hartuta, eta poliziek gutxienez hiru lagun zauritu zituzten buru aldean, horietako bat Xuhar. Betirako kaltetu zioten ikusmena.
Tolosako Instrukzioko 1. Epaitegiak ebatzi du, ordea, Ertzaintzak "protokoloei jarraituta" jardun zuela, eta "beharrezkoa eta neurrizkoa" izan zela arma bidezko esku-hartzea. Poliziak Xuharri egindako zauriak "halabeharrezkoak" izan zirela dio epaileak, eta lesio horiek ezin omen zaizkie ertzainei "jardunbide arduragabe" bategatik egotzi. Polizien eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kontakizun ofiziala indartuz, gainera, epaileak seinalatu du gazte talde batek Poliziari egindako ustezko "eraso larri eta etengabekoaren ostean" interbenitu zutela ertzainek, eta gazte horien artean zegoela Xuhar, nahiz eta ez den horren inolako frogarik atera argitara.
Ertzaintzaren biolentzia justifikatzeko, garai hartako Barne sailburu Josu Erkorekak adierazi zuen Xuharrek "istilu" batzuetan parte hartu zuela gau hartan, baina badirudi kamerako grabazioek erakusten dutela ez ziela ertzainei ezer bota. Bertsio ofizialak zioen foam jaurtigaiak "errebotez" jo zuela Xuhar, baina irudiek ez omen dute halakorik erakusten.
2024ko azaroan ere auzia artxibatu zuen Tolosako epaitegiak, lehenengo aldiz, Xuharrek esateko zuena entzun ere egin gabe. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak agindu zuen berriz ireki zezatela kausa, eta orduan deklaratu zuen gazteak auzitegian, azaroaren 17an. Baina jarrera berari eutsi diote epaitegian, bigarrenez auzia artxibatuz eta jendetzaren aurka bortizki kargatu zuten ertzainak zigorgabe lagaz.