AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/03 08:19

Urriaren 22tik azaroaren 2ra bitartean, Iruñerrian izan da berriz The Champions Burger jaialdi ibiltaria. Makroekitaldiaren kontra, ehunka pertsona mobilizatu dira azken egunotan: auzo-batzar jendetsu bat egin zuten Errotxapean urriaren 23an, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, eta ordutik, hainbat protesta egin dituzte auzoan, The Champions Burgerri boikota egitera deituz.

Aurreko ostiral iluntzean, 20:00etan Errotxapeko Maiteminduen Plazatik hasita, manifestazio jendetsu bat egin zuten bizilagunek. "Nazkatuta gaude mota honetako makroekitaldiek gure auzoetan dituzten ondorioez", seinalatu zuten: "Hamar egun daramagu Errotxapeko eta Alde Zaharreko bizilagunek aparkatu ezinik, eta horri aterabidea emateko, udalak gure auzotik kanpora bidali gaitu aparkatzera, ekitaldira datozenek atean aparkatu dezaten. Hamar egun daramagu gure auzoa zikinkeriaz gainezka ikusten, kea arnasten, usain desatseginak jasaten. Hau al da bizitzeko nahi dugun auzoa edo hiria?".

Boikot Champions Burger lelopean gurutzatu zituen auzoko kaleak manifestazioak. "Ez dugu negoziora eta turismora bideratutako hiri-eredua nahi, ez dugu espazio publikoa enpresa handien interes pribatuetara bideratzea nahi", azaldu zuten: "Runa parkean azken hilabeteetan sanferminetako barrakak, motorrak, abere-azoka, txirrindula-buelta eta oraingo hanburgesak izan ditugu. Beti ere bizilagunen ahotsak eta kexak entzun gabe". 

Miseriazko lan-baldintzak

"Haien babeserako, lana sortzen dutela diote, baina zer baldintzatan?", galdegin zuten bestalde. Eta honela laburbildu zituzten halako makroekimenetan aritzen diren langileek jasan behar dituzten baldintzak: "Antolatzea eragozteko asmoarekin, egunez egun kontratatutako langileak, bihar lanpostuan jarraituko duten jakin gabe luzapenak kateatuz; hitzarmenak ezartzen duen gutxienekotik beherako soldatak, eta osorik ordaintzen ez diren lanaldiak".

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) ere salatu ditu azken egunetan makroekitaldiko lan-baldintzak: "Iruzurrezko kontratazioa, egun batetik besterako deiak, osorik ordaintzen ez diren lanaldiak, baldintzen funtsezko aldaketak abisurik eta kontsultarik gabe...". LASek, hain zuzen ere, protesta zaratatsu bat egin zuen aurreko astean jaialdi barruan, The Champions Burger: langileak esplotatzen ditu zioen pankarta batekin. Ekimeneko lan-baldintzak salatzeko eskuorriak bota zituzten manifestariek espazio osoan zehar.

"Antolakuntza eta borroka dira bidea"

Gainera, The Champions Burgerren atzean dauden babesleak seinalatu dituzte auzokideek, "gehiengoak Israelekin harreman ekonomikoak baitituzte"; hala nola Pepsi, Heineken eta Uber enpresen bitartez. Ostiraleko manifestazioan aldarrikatu zuten horren guztiaren aurka antolatu direla aurten ehunka pertsona, eta horren erakusle direla azken egunetako deialdiak: "Auzo-batzarra, kalejira, asteartera arte jarraituko duen sinadura-bilketa, propaganda auzotik…".

"Aho batez argi esan dugu, boikot Champions Burger! Ez dugulako horrelako makroekitaldirik nahi, ez gure auzoan, ez beste auzoetan", gehitu zuten. Horrekin batera, balioan jarri zuten egindako lan guztia: "Argi erakutsi dugu antolakuntza eta borroka direla bidea eta, horretan jarraituz gero, lortuko dugula horrelako makroekitaldiak gure auzoetan ez egotea".

EZ DAGO IRUZKINIK