AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/03 14:35

Lizarran, udalbatzak (Nafarroa) osoko bilkura izan zuen atzo, maiatzaren 2an. Bertan izan ziren Sugarra Gaztetxeko hainbat kide, eta hitza hartu zuten, jasaten ari diren errepresio ekonomikoa salatzeko. Guztira, 20.000 eurotik gorakoak diren lau isun ezarri dizkiote Gaztetxeari, eta Lizarrako Udala da arduradun zuzenetako bat: horregatik bertaratu dira osoko bilkurara aste honetan.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, "gune autogestionatu zein kritiko bat ekonomikoki itotzea" da isunen helburua. Poliziak 2022an egindako hainbat identifikaziori lotutakoak dira isunetatik hiru, eta 2024ko beste identifikazio batzuen ondorio da laugarrena. 2022koak dira zigorrik potoloenak, 6.000 eurokoa baita bakoitza, eta Nafarroako Gobernua ageri da salatzaile gisa. 2024ko isuna udalaren (UPN) salaketa baten ondoriozkoa da.

Udala ere erantzule: UPN nahiz EH Bildu

Lizarrako Udaltzaingoaren hainbat esku-hartze polizial dira, beraz, isunen jatorria: Gaztetxera bertaratu, bertan zeuden pertsonak jazarri eta identifikatu egin ditu hainbatetan. Gero, esku-hartze horien inguruko txostenak sortu dituzte, eta Nafarroako Gobernuak zein Lizarrako Udalak txosten horiek erabili dituzte ondoren, Sugarraren kontrako zigor ekonomikoak exijitzeko.

Sugarrako kideek ohartarazi dutenez, udalean aspalditik ari dira Gaztetxearen kontrako erasoaldia prestatzen. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Sugarraren aurka jarritako salaketek abiapuntu zaharrago bat dute: aurreko udal gobernuak (EH Bildu) mahaira ateratako zigor proposamenak.

EH Bilduk berak aitortu zuen, aurreko agintaldian, Gaztetxearen aurkako zigor proposamenak egin zituela. Horretaz gain, udaltzainen jarrera eta esku-hartzeak eredugarriak zirela esan zuen EH Bilduren orduko alkateak. "EH Bilduk orduan txalotutako udaltzaingoaren jokaerak ia 20.000 euroko isun bilakatu dira", seinalatu zuten atzo Gaztetxeko kideek: "Horregatik guztiagatik uste dugu, gatazka honetan, osoko bilkuran dauden ia alderdi politiko guztiek dutela erantzukizuna".

Errepresioa Gaztetxearen kontra

Sugarrako militanteek berriz salatu dute Lizarran gazteak "modu autogestionatuan, kritikoan eta librean antolatzeko" erabiltzen ari diren lekua erreprimitzen ari dela udala. "Ez dugu Gaztetxea itotzen utziko, Lizarrako gazteentzat eta jarduera soziokulturalentzat leku garrantzitsua dela uste baitugu", aldarrikatu dute. Hala, bi exijentzia egin dituzte berriz: "errepresio ekonomikoa etetea, hau da isunik ez jartzea", eta "espazioa erabiltzen duten gazteen aurkako polizia-jazarpena eta identifikazioak etetea".

Gaztetxeak mobilizazio deialdi bat egin du hurrengo asterako, maiatzaren 10erako hain zuzen ere. Egun horretan, protesta bat egingo dute 20:00etan, Lizarrako Foruen Enparantzan. Utzi Sugarra bakean lelopean mobilizatuko dira.

EZ DAGO IRUZKINIK