AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/24 09:35

Donald Trumpen aholkulari ohi Steve Bannonek, AEBetako alt-right-aren adierazle nagusiak, besoa altxatu eta nazien agurra egin du ekitaldi politiko batean. Keinuak are esanahi handiagoa du orain, Elon Muskek agur bera egin eta nolabaiteko polemika piztu ondoren. Oraingoan, Ekintza Kontserbadoreko Konferentzia Politikoan (CPAC) emandako hitzaldi baten ondoren egin du keinua Bannonek; alegia, AEBetako eskuinak National Harborren (Maryland) urtero egiten duen ekitaldian. Hitzaldian, Bannonek bere jarraitzaileei eskatu zien amore ez emateko: "Borrokatu, borrokatu, borrokatu", oihukatu zuen, keinu faxista egin eta "amen" batekin amaitu aurretik.

Irudiek berehalako erreakzioak eragin dituzte. Izan ere, bere jarraitzaileek ere nazien keinu argi gisa ulertu dute. Jordan Bardellak, Frantziako Estatuko Rassemblement National (RN) alderdiko buruak, erabaki du bertan behera uztea CPACen egin behar zuen hitzaldia. "Partehartzaileetako batek ideologia naziari buruzko keinu probokatzaile bat egiten utzi dio bere buruari. Beraz, nire mintzaldia deuseztatzeko berehalako erabakia hartu dut ", azaldu zuen Libération-ek jasotako ohar batean.

Hori gutxi balitz, Argentinako presidente Javier Mileik motozerra bat oparitu zion Musk handikiari ekitaldiaren barruan, esanahi garbi batekin: AEBetan martxan diren murrizketa sozialak sinbolizatzen eta aldarrikatzen ditu motozerrak.

Keinu faxista gehiago

Bannonena ez da izan, gainera, ekitaldi horretan ikusitako keinu faxista bakarra. Eduardo Verastegui produktore eta aktore mexikarrak, zirkulu ultrakontserbadoreekin lotura jakina izan duenak, antzeko keinu bat egin zuen, ikusleen oihuak eta borroka politikoari buruzko aipamenak lagun zituela. Espainiako Estatuko eskuin muturraren ekitaldietan ere parte hartu du Verasteguik, eta behin baino gehiagotan erabili du bere plataforma QAnon bezalako konspirazio-teoriekin lerrokatutako diskurtsoak sustatzeko. Propaganda horrek bultzatu zuen, besteak beste, Kapitolioaren aurkako kolpea.

Eskuin muturreko adituek azpimarratu dute Bannonen keinua ez dela kasualitatea. Breitbart News web-orri ultrakontserbadoreko zuzendari ohia eta Trumpen Etxe Zuriko estratega nagusia den aldetik, funtsezko pertsona bat izan da eskuin muturraren hedapenean Amerikan nahiz Europan, Matteo Salvini, Jair Bolsonaro edo Santiago Abascal bezalako liderrei aholkuak emanez. Bere helburua beti izan da oinarri sozialak mugiaraztea, erretorika beligerantearen bidez. Muskek eta Bannonek keinu bera egin izanak estrategia adostu baten hipotesia indartzen du: erradikalizazio sinboliko progresibo bat, eztabaida publikoan adierazpen faxistak legitimatzea bilatuko lukeena, lehen onartezintzat jotako erreferentzia historikoak normalizatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK