Ehun bat ikasle batu dira gaur, irailak 24, Bilboko (Bizkaia) Arriaga antzokiaren aurrean. Hala, Sortu alderdiak uda hasieran Erronda kaleko egoitza lapurtu izana salatu dute. Lapurretak ikasle mugimenduaren eta IAren jarduna kaltetzea izan duela helburu nabarmendu dute.
Izan ere, ikasturte berri honetan, euren jardunarentzat “oinarrizko sostengua” den egoitza erabiltzeko aukerarik gabe geratu direla diote, baita egoera horrek Ikasle Abertzaleaken eta ikasle mugimenduko hainbat eragileren lan politiko eta sindikala oztopatzen duela ere. Sortu seinalatu dute erantzule zuzen modura, eta bere prozedura “onartezinak” gaitzetsi dituzte.
Euskal Ikasleen Erakundearen bilkura, urrian
Horren aurrean, “egoera konpontzeko aukera” mahaigaineratu dute gaurko agerraldian. Aurreko ikasturtean, Sortuko kide diren egoitzaren titular berriei batzorde orokorrera bertaratzeko gonbidapena luzatu zien IAk, Euskal Ikasleen Erakundeko ehun bazkiderekin batera. Ez ziren agertu, ordea. Beraz, urriaren 3an Euskal Ikasleen Erakundeak egingo duen asanblada orokorrera joateko eskatu diete berriz. 18:00etan jarri dute hitzordua, Bilbiko kultur-etxean. “Egin dituzten mugimendu irregularrak baztertu eta egoera konpontzeko aukera da eskaintzen duguna”.
Gainera, “egoitzarekin eragin duen arazo larria" konpontzearen ardura bere gain hartzea exijitu diote Sorturi. Bi bermeren bidez ikusten dute konponbidea: alde batetik, IAk eta orain arte azpiegitura erabili duten ikasle mugimenduko gainontzeko eragileek Errondako egoitza erabiltzen jarrai dezatela; eta bestetik, Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza eta kudeaketa “IAren eskuetara itzultzea”.
Gatazkaren sustraiak
IAk 2018ko urrian azaldu zuen aurrenekoz Sortu presio egiten ari zitzaiola, egoitza husteko. “Ikasleen aurkako eraso” modura identifikatu zuten hasieratik, baita espazioaren erabilera ikasle mugimenduaren jardun politikoa burutzeko ezinbestekoa dela azpimarratu ere.
Erasoaren nolakotasunari dagokionez, adierazi zuten Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza batzorde zaharra nahieran aldatu zuela Sortuk, espazioaren erabiltzaileen bizkarrera. Hori dela eta, “errespetuzko kudeaketa” egin ordez, ikasleen egoitza eskuratzeko “Estatuaren aparatu juridikoetara jo izana” leporatu zioten alderdiari.
Sortuk bere ildo politikora zuzenki egokitzen ez diren herri mugimenduaren espresio autonomoekiko “jarrera erasokorra” adierazi izan duela ere salatu zuten ohar hartan. Horren aurrean, ikasle mugimendua eta Ikasle Abertzaleak antolakundea egoitzaren “erabiltzaile legitimoak” direla eta berau babesteko “determinazio osoa” dutela azaldu zuten.
Egoitzaren hustea
Ordutik, ez zen egoitzari lotutako berri gehiago izan, iragan uztailera arte. Ikasle Abertzaleakek bigarren agiri baten bidez jakinarazi zuen Sortuk dagoeneko egoitzaren sarraila aldatu zuela, baita material guztia ostu ere. Hori uda garaian egin izana kasualitatea ez dela zioten, alderdiak ikasle mugimenduaren jarduna “modu nabarian jeisten den momentua” baliatu zuelakoan. Lapurretak Sorturen kontrolpetik irteten diren eragileak “ekonomikoki itotzea” du xede, ikasleek azaldu dutenez.
Ikasle Abertzaleen komunikatua osorik irakurtzeko, egin klik hemen