AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/26 15:20

Soldatapeko zaintzako eta garbiketako langileen egoera salatzeko asmoz, ehunka pertsona mobilizatu ziren atzo Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa). Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, "administrazio publikoaren erantzukizuna" seinalatu zuten hiru mobilizazioetan, bai eta guztientzako "kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak" exijitu ere.

Zaintzan eta garbiketan soldatapean aritzen diren langileek, besteak beste, batez besteko soldata oso baxuak, gehiegizko lan karga, lan segurtasun falta eta "lanpostuaren eta kontratuaren gaineko kontrol" falta jasan behar dituztela ohartarazi zuten atzoko mobilizazioetan. Zenbait kasutan egun osoko lanaldi gogorrak egin behar dituztela eta, kontrara, beste kasu askotan egun osoan zehar sakabanaturiko lanordu bakanak baino ez dizkietela eskaintzen azaldu zuten, bestalde. Krisi egoeran, gainera, lan baldintzek okerrera egin dutela salatu zuten.

Enpresen irabaziak gora, eta instituzio publikoak konplize

"Zaintza eta garbiketa sektoreak kudeatzen dituzten enpresen irabaziek", ordea, gora egin dute krisi egoera horretan, Itaiaren esanetan. "Egoera ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, gure soldaten jaitsiera edo lan kargaren handitzea justifikatzen duten enpresa berberak ari dira gure esplotazio basatiaren kontura aberasten", azpimarratu zuen.

Administrazio publikoak, gainera, hori guztia ahalbidetzen duela salatu zuten atzo Itaiako kideek: "Beraiek dira zaintza eta garbiketa zerbitzuak murriztu, enpresa horien zerbitzuak azpikontratatu eta, zeharka, baldintza ekonomikoak jartzen dituztenak, sektorearen pribatizazioa indartuz. Instituzioak gure lan baldintza txarren erantzule zuzenak dira".

Zaintzako eta garbiketako langileen borroka eta eskubide urraketak

Soldatapeko zaintzako eta garbiketako emakume beharginek horren guztiaren aurrean abiatutako borrokak hamaika direla oroitarazi zuen Itaiak, eta "babesa eta elkartasuna" adierazi zizkien berriz. "Baldintza kaskarren aurrean, enpresarien eta instituzioen aurka borrokatzea ezinbestekoa da", gehitu zuen.

Itaiak gogoan izan zuen, dena den, "ugariak direla borroka egin nahi eta ezin dutenak, eskubide politikoak mugatuta baititugu". "Grebarako debekuek edota grebak oztopatzen dituzten zerbitzu minimoek, kontratu ezegonkorrek, edozein borrokaren aurrean egindako kaleratze mehatxuek edota beldurra sorraraztea beste helbururik ez duten bake-klausula bezalako bitarteko juridikoek", hain zuzen ere, "borrokarako baldintzak zailtzen" dituztela seinalatu zuen Emakumeon Antolakunde Sozialistak.

Ongizatearen bermea

"Mobilizazio hauetan argi utzi nahi dugu, zaintza eta garbiketa sektoreetako langileon lan baldintzak borrokatu nahi ditugula", adierazi zuten Itaiako kideek atzoko mobilizazioetan: "Guztion ongizatea bermatua izateko norabidean kokatzen ditugu borroka horiek guztiak. Aurrera eramaten dugun borroka bakoitzak baldintza politikoen hobekuntza ekarri behar du eta, horretarako, gero eta emakume langile gehiago antolakuntza politiko independentera batzea ezinbestekoa izango da". "Borrokaren eta antolakuntzaren bitartez, guztiok kalitatezko bizi baldintza berak izango ditugun gizarte sozialista eraikitzera" deitu zuten, hala.

Aldarriak

Urtarrilean agerraldi bat egin zuen Itaiak, soldatapeko zaintzako eta garbiketako lanei lotutako hainbat aldarri aurkezteko. "Lan eta bizi baldintzen pobretzearen aurrean", borroka egitera deitu zuten orduan ere.

EZ DAGO IRUZKINIK