AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @WarRoomME
2024/12/11 13:03

Israelgo Estatu sionistak aireko 400 eraso egin ditu Sirian azken hiru egunetan, Bashanen Gezia deituriko operazio militarraren baitan, Maariv eta Al Mayadeen komunikabideen arabera. Bashar al-Assaden gobernuaren erorketaz baliatuta, besteak beste Siriako Armada Arabiarraren (SAA) baliabideak bonbardatzen ari dira sionistak: Israelgo Defentsa ministroak adierazi du "Siriako flota osoa suntsitu" dutela eta hegoaldean "defentsa-zonalde antzua" ezarri dutela.

Esaterako, armada arabiar horren hamabost itsasontzi eta dozenaka aire-misil txikitu ditu Israelgo Estatuak, Al Bayda eta Latakiako portuetan. Sionisten esanetan, euren aireko indarren historian egindako "operazio handienetarikoa izan da" honakoa. Lurreko indar militarrek, gainera, 25 kilometro inguru egin dute aurrera Golango Gainetan, zonalde desmilitarizatuan ere sartuz.

Golango Gainak, kokaleku estrategiko bat

Sirian okupatutako eremu estrategiko bat da Golango Gainetakoa, Libanorekin eta Jordaniarekin mugan dagoena, eta Nazio Batuen Erakundeak zona desmilitarizatu modura izendatu zuena 1974an, Yom Kipurko gerra amaitu eta urtebetera. Dena den, sionistek 1981ean anexionatu zuten.

Teorian, inguru horretara ezin da ez presentzia militarrik ez arma astunik mobilizatu, NBEren 1.200 kasko urdinak izan ezik. Baina sionisten tropak sistematikoki sartu dira, eta aurrera egin dute azken egunetan, ituna hautsiz. Zona horrek baliabide natural aunitz ditu, kokaleku estrategiko bat izateaz gain.

Israelgo Estatuak ez die eraso egin Errusiak Jmeimim eta Tartusen dituen base militarrei, eta, antza denez, Errusiako Gobernuak ez du oraingoz esku-hartzerik egingo. Dimitri Peskov gobernu-ordezkariak azaldu duenez, "goiz" da oraindik, eta "Siriako segurtasuna mantentzea berma dezaketen indarrekin kontaktuan" jarraituko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK