AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LIT-CI
2024/10/02 15:12

Espainiako Estatuan ere odolez zikinduta dituzte eskuak. "Historiako gobernurik progresistena" ez da, ezkutuan, sionistekin arma-negozioak egiten dituen bakarra: PSOEren gobernuaz gain, estatuko finantza-entitateak ere ari dira palestinarren edota libanoarren kontrako sarraskia ahalbidetzen, eta horren kontura negozioa egiten. Banketxe horien artean daude Santander, BBVA, La Caixa, Bestinver, EDM, Ibercaja, Banco Caminos, Dux Inversores, Abaco Capital, Renta 4 Banco, GVC Gaesco edota Banca March.

Bartzelonako Delàs Zentroaren ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuko hamabi banku horiek ari dira sionisten gerra-ekintzak finantzatzen. Izan ere, banketxe horiek nolabaiteko lotura dute Israelgo Estatua armaz hornitzen duten zazpi enpresarekin; izan haiei kredituak emanda, edo izan enpresa horietan edonolako inbertsioak eginda.

Israelgo Estatuari armak saltzen dizkioten hamabost enpresa ikertu ditu Delàs Zentroak, baita enpresa horiek finantzatzen dituzten banketxeak ere. Horretarako, 2011tik 2024ra bitartean izan diren hamaika finantza-operazio aztertu ditu, eta modu horretan topatu du zer nolako harremanak izan dituzten Espainiako Estatuko hainbat bankuk eta sionistekin lan egiten duten zazpi enpresak.

Amerikako Estatu Batuetakoak dira enpresa kolaboratzaile horietako bost, eta Alemaniakoak bi. Ikerketaren arabera, besteak beste, Israelgo Estatuarentzat ekoizten dituzte armak.

Izenez izen: Santander eta BBVA nagusi

Espainiako Estatuko finantza-entitateen artean, gutxienez 3.800 milioi euroko (4.188 milioi dolar) inbertsioak egin dituzte aipatutako enpresekin. Santander eta BBVA dira finantziazio hori ia osorik hartu dutenak: bien artean inbertitu dute zenbateko osoaren %95,4, alegia, 3.600 milioi euro.

Atzetik jarraitzen diete La Caixa Group (99 milioi euro), Bestinver (59,5 milioi euro), EDM Group (7,95 milioi euro) eta Ibercaja Group (2,26 milioi euro) bankuek. Bestalde, sionisten lagunekin negozioak egiten ari dira Banco Caminos, Dux Inversores, Abaco Capital, Renta 4 Banco, GVC Gaesco eta Banca March entitateak ere, milioi bat dolar baino gutxiagoko inbertsioen bitartez.

Hamabi banketxe horietatik 11k akzioak erosi dituzte sionistei armak saltzen dizkieten enpresetan; nagusiki, Alemaniako MTU Friedichshafen (Britainia Handiko Rolls-Royce da jabea) eta Rheinmettal enpresetan. Gainera, kreditu erraldoiak eman dizkiete enpresa konplize horietako batzuei. BBVAk, Banco Santanderrek eta Caixabankek, adibidez, 3.400 milioi dolar bermatu dizkiete kreditutan.

Are gehiago: bada zerrenda bat, Israelgo Estatuari armak ematen dizkieten enpresei diru gehien eman dieten banketxeak seinalatzen dituena. 100 banku ageri dira zerrenda horretan, eta tartean daude Santander (36. postuan 2.200 milioi eurorekin) eta BBVA (51. postuan 1.400 milioi dolarrekin).

Besteak beste, Boeing eta General Dynamics enpresa estatubatuarrak finantzatu dituzte aipatutako bi bankuek. Haiek ekoizten dituzten bonbak eta misilak Gaza eta Libano bonbardatzeko erabili dituzte sionistek.

Israelgo Estatua, izua zabaltzen

2023ko urriaren 7tik hona, Israelgo Estatu terroristak 41.000 palestinar baino gehiago erail ditu Gazako Zerrendan, eta 1.000 inguru Zisjordanian. Azken bi asteetan, gainera, ofentsiba bortitz bati ekin dio Libanon ere: etenik gabe ari da bertan bonbardaketak egiten, eta 1.000 libanoar baino gehiago erail ditu guztira. Sionistak aldi berean ari dira Palestina, Libano, Yemen eta Siria bonbardatzen, bere aliatuek eta konplizeek bermatzen dizkioten armei esker.

EZ DAGO IRUZKINIK