Itxuraz Palestinako sarraskiaren kontrako jarrera hartzen badu ere, errealitatean, Israelgo Estatu genozida sustengatu eta palestinarren kontrako eraso kriminalak ahalbidetzen ditu "historiako gobernurik progresistenak". Azken urratsa izan da Espainiako Estatuak sionistekin dituen arma-negozioei buruzko informazioa ezkutuan mantentzea, besteak beste, "sekretu ofizialei" buruzko lege frankistaz baliatuta.
Joan den apirilean, anonimotasunean mantendu duten norbaitek eskaera bat egin zion Espainiako Estatuko Gardentasun Batzordeari. Hainbat informazio argi zitzala eskatu zuen; besteak beste, ea "2024an Espainiatik Israelera armarik bidali ote den", ea Defentsa Ministerioak "neurriren bat hartu ote duen Israelera armarik irits ez dadin Espainiatik", edota ea ministerio horrek ba ote dakien estatuko enpresaren batek "Israeli armak saldu edo erosi dizkion, 2023ko urriaren 7az geroztik".
Espainiako Merkataritzako Estatu-Idazkaritzak, ordea, atzera bota du informazio hori argitzeko eskaera. Kanpo-Arazoetako Ministerioak joan den otsailean egindako adierazpena oroitaraztera mugatu da, idatzi horretan esaten baitzen 2023ko urriaren 7tik ez dela baimendu "Israeli armamentua saltzeko operaziorik".
Estatu-Idazkaritzak gaineratu du "dagokion inportazio-lizentziaren bidez baimendu" behar dela inportazio oro; eta, hortaz, apirilean norbaitek Gardentasun Batzordeari exijitutako informazioa "bere eskumenak gauzatuz bilduko zukeela Administrazioak", baina "behar bezalako arretaz eta konfidentzialtasunez tratatu behar dela".
Eskrupulurik ez negozioetan
Público egunkariak jakin duenez, azken urtean, Israelgo Estatuko gutxienez lau armagintza-enpresak lortu dituzte kontratuak Espainiako Defentsa Ministerioarekin. Elbit Systems da enpresa horietako bat, eta azaldu izan du nabarmen egin dutela gora bere irabaziek armada sionistari egindako azken salmentei esker.
Azken urtean, iturri gehiagok ere eman dute Espainiako Estatuaren eta sionisten arteko negozio zikinen berri. Rescop sareak, esaterako, salatu du Espainia dela 2023ko azaroan estatu sionistari arma gehien esportatu zizkion estatua.
Hainbat iturrik 2023ko urrian bertan argitaratu zuten zeintzuk ziren, aurreko urteetan, estatu sionistari arma gehien saldu zizkioten herrialdeak. Huffington Post atariak, adibidez, 2021eko datuak hartu zituen kontuan horretarako. Amerikako Estatu Batuak zeuden aurreneko postuan zerrenda horretan (288 milioi euroko salmentak 2021ean), India bigarrenean (34,3 milioi euro), Italia hirugarrenean (6,3 milioi euro), Txekiar Errepublika laugarrenean (5,6 milioi euro) eta Hego Korea bosgarrenean (5,3 milioi euro).