AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/10 11:36

Urriaren 7ko gertakariak mugarri izan ziren Palestinako gatazkan. Egun horretan, kontraerasora jo zuen palestinar erresistentziak. Besteak beste, miliziek suziriak jaurti zituzten sionisten kontrolpean dauden palestinar lurretara, eta sionisten menpeko hainbat eremutara sartu ziren armatutako hainbat eta hainbat palestinar; desertu batean izaten ari zen jaialdi handi batera, esaterako. Israelgo Estatu genozidak, ofizialki, gerra-egoera deklaratu zuen orduan.

Sionistek urriaren 7an gertatutakoa erabili dute aitzakia modura, ordutik, palestinarren kontra odol hotzean gauzatzen ari diren sarraski erraldoia justifikatzeko. Apurka-apurka argitara atera diren lekukotasunek eta frogek, ordea, guztiz zalantzan jarri dute sionistek urriaren 7ari buruz esandakoa, eta kolokan jarri dute palestinarren kontrako sarraskia arrazoitzeko eraikitako kontakizun manipulatua.

Militar sionistek, sua "zibil israeldarren" aurka

Zenbait iturri israeldar batu dituen The Grayzone atariak eta hainbat lekukok argi esan dute: palestinar armatuak sionisten kontrolpeko zenbait eremutara sartu zirenean eta erasoari ekin ziotenean, Israelgo indar militarrek inolako bereizketarik egin gabe jo zuten erasora. Palestinarren ezusteko erasoaldiari aurre egiteaz gain, sionistek gerora hainbeste aipatu dituzten "zibil israeldarrei" ere egin zieten eraso indar militar sionistek, arma astunen bidez.

Apache helikopteroetako pilotu israeldarrek, esaterako, bereizi gabe tirokatu zuten jendearen kontra egun horretan. Pilotuak izan dira aitortu dutenak ez zeukatela inolako informaziorik jomuga zehatzen inguruan, baina jendea tirokatu zutela hala ere. Tankeetako soldadu sionistek ere, antza, "zibil israeldarren" etxeak suntsitu zituzten, bakoitzeko egoerari buruzko informazio zehatzik izan gabe, eta palestinar armaturik edo bahitutako nor edo nor barruan zegoen jakin gabe.

Sionistek nahita argitaratu zituzten egun horretan Hamasi leporatutako hainbat erasoren irudiak: eraitsitako etxeak, erretako ibilgailuak, hildakoen gorpuak... Gerora jakinarazi dute, baina, posible dela indar militar sionistek eragindako erasoetakoak izatea horietako irudi asko, eta ez, Israelgo Estatuak esan bezala, Hamasek egindako erasoetakoak. Izan ere, mahaira atera dute eraso horretan arma arinak erabili zituztela palestinar armatuek, eta horiek ezin dituztela irudietan ikusten den tamainako ondorioak eragin; esaterako, eraisketak eta suntsiketak.

Sarraski baten justifikazioa

Gazako 2,2 milioi palestinarren kontrako erabateko sarraskia martxan jartzeko, urriaren 7ko gertakariak manipulatu eta aitzakia modura erabili dituzte sionistek eta euren konplizeek. Urriaren 7tik hona, Gazan, gutxienez 10.800 palestinar erail dituzte sionistek, eta zenbaezinak dira zaurituak eta desagertuak. Zisjordanian ere areagotu da palestinarren kontrako indarkeria sistematikoa sionisten partetik.

EZ DAGO IRUZKINIK