Igande goizaldetik, Israelgo Estatuak gutxienez hamasei pertsona gehiago erail ditu Gazako Zerrendan bonbardaketen ondorioz, bertako medikuek jakitera eman dutenez. Erasotako helburuen artean egon da Nasser ospitalea, Khan Yunisen: gutxienez bi palestinar hil dituzte bertan, tartean, Ismail Barhoum Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko buruzagia. Gainera, 16 urteko nerabe batek bizia galdu duela eta gizonezkoen kirurgia-gela suntsitu dutela jakinarazi dute.
Gazak krisi humanitario larriago bati aurre egin behar dio, sionistek 50.000 pertsona baino gehiago erail baitituzte 2023ko urritik, Gazako Osasun Ministerioaren esanetan. Tokiko gobernuaren Hedabideen Bulegoak, berriz, hildakoak 61.700 baino gehiago direla esan du, hondakinen azpian desagertutakoak kontuan hartuta.
Aldi berean, AEBek Yemengo ofentsiba areagotu dute, herrialdeko hainbat gunetan erasoak eginez. Bertako Osasun Ministerioak dioenez, gutxienez pertsona bat erail eta hamabost zauritu dituzte AEBek Sana hiriburuan egindako bonbardaketetan. Saada eta Hajjah probintzietara ere iritsi dira erasoak, baina, orain arte, ez dute xehetasunik eman biktimei buruz. "Huthiek Itsaso Gorrian egindako ekintzei emandako erantzun gisa" justifikatu ditu operazioak Washingtonek.
Bestalde, Jordaniako Gobernuak gaitzetsi egin du Israelgo Estatuak gobernu-agentzia berri bat eratzeko hartutako erabakia: Gazatik palestinarren desplazamendu behartua kudeatzea izango da agentzia horren lana. Ohar baten bidez, "nazioarteko zuzenbidearen urraketatzat" jo zuen neurri hori Jordaniako Kanpo-Harremanetarako Ministerioak, eta horren inplikazio humanitarioez eta politikoez ohartarazi zuen. Erabakia bat dator Israelgo Estatuko segurtasun-kabineteak Zisjordania okupatuan hamahiru kokaleku berri eraikitzeko plana onartu izanarekin.