AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Desconcierto
2024/06/19 10:56

Hilabete honetan behin baino gehiagotan egin du mehatxu Israelgo Estatu terroristak: Libanoren kontra ere "intentsitate handiko operazio" bati ekingo diotela esan dute hainbat agintari sionistak. Ipar Komandoko komandante buru Ori Gordinek eta Operazio Zuzendaritzako buru Oded Basiukek aste honetan adierazi dute "egoera ebaluatu" dutela berriki, eta Libanon erasora jotzeko hainbat plan itxi eta onartu dituztela.

Sionisten mehatxuak areagotu egin dira azken egunetan, Hezbollahk froga esanguratsu bat argitaratu ostean: 9 minutuko bideo bat plazaratu du, palestinar lur okupatuetan drone bidez hartutako irudi ugarirekin. Itxura denez, hainbat orduz grabatutako irudien laburpen bat besterik ez da argitara emandakoa. Israelgo Estatuarentzat estrategikoak eta bere existentziarako ezinbestekoak diren hainbat kokaleku eta azpiegitura ikusten dira bideoan, eta hainbat kontu ematen ditu aditzera: sionisten puntu sentikor horiek guztiak ezagutzen dituela Hezbollahk, gaitasuna duela horien gainean hegan egiteko, drone bidez zelatatzen dituela; eta, beraz, gaitasuna izan dezakeela horiei eraso egiteko.

Israelgo Estatutzat jotzen den eremuaren iparraldean hartu ditu irudiak Hezbollahk. Haifako portua eta sionisten hainbat base militar zaintzen dituela erakusten du bideoaren bidez, baina beste hainbat toki sentikor identifikatu dituela eta horien kontra egin dezakeela ere frogatu du, nolabait: sionisten hiririk handienetakoak (Haifa horren adibide), industria militarrari lotutako azpiegiturak (hala nola Rafael arma-ekoizle sionista), aire-defentsarako azpiegiturak, petrolio-deposituak...

Beste mehatxu bat ere egin du aste honetan Hezbollahk: estatu sionistaren kontrako gerra lehertzen bada, Zipreren kontra joko duela esan du Hassan Nasrallah buruak; indar sionistei aireportuak, baseak eta abar irekitzen badizkie behintzat. Izan ere, Ziprek ariketa militar bateratuak egin ditu sionistekin 2014tik.

Estatu sionista, bere ustezko segurtasun-gaitasuna erakutsi nahian

Tentsio-igoera horren guztiaren erdian, Israelgo Estatu genozidak berriz agertu nahi izan du, harrokeriaz, bazekiela zer gertatuko zen urriaren 7an. Azken zortzi hilabeteetan behin baino gehiagotan gertatu den modura, azken egunetan hainbat iturrik esan dute inteligentzia-zerbitzu sionistek hiru aste lehenago eman zutela palestinar milizien asmoen berri, eta "zehastasun handiz" ezagutzen zutela euren plana.

Ba omen zekiten Israelgo Estatutzat jotzen den eremuaren hegoaldean kontraerasora jotzeko asmoa zutela miliziano palestinarrek, eta "200 eta 250 zibil eta militar" artean bahitu nahi zituztela. Plan horri buruzko txosten bat banatu omen zuten inteligentzia-zerbitzu sionistek iazko irailaren 19an, Kan irratiaren arabera.

Urriaren 7an, 3.000 palestinar inguru atera ziren Gazako Zerrendatik, sionistek euren estatu-eremutzat duten zonaldearen hegoaldera sartzeko eta kontraerasoari ekiteko. 250 pertsona inguru hartu zituzten gatibu. Badirudi, ordutik, indar sionistek egun horretan izandako "segurtasun-akatsak" ikertzen jardun duela Israelgo Estatuak, nahiz eta etengabe erakutsi nahi izan duen aurrez zituela miliziano palestinarrek egin nahi zuten operazioaren aztarnak. Israelgo Auzitegi Gorenak orain dela gutxi agindu du "segurtasun-akatsak" identifikatzeko ikerketa hori bertan behera utz dezatela.

Urriaren 7ko gertakariak, sionisten aitzakia

Palestinarren urriaren 7ko kontraerasoa gertatu eta gerora, Israelgo Estatu terroristak behin eta berriz erabili du hura aitzakia modura, palestinarren kontrako sarraskiaren gogortzea justifikatzeko. Gazako Zerrendan 37.000 palestinar baino gehiago erail ditu azken zortzi hilabeteetan, eta Zisjordaniako lurretan, berriz, 500 inguru.

Sionistek behin eta berriz hartzen dute aitzakiatzat "bahitu israeldarrak" libre uztea, palestinarren aurkako eraso kriminalak egiteko. Teorian "lau bahitu askatzea" helburutzat izanda, Nuseiraten (Gazako Zerrenda erdialdean) eraso erraldoi bat egin dute berriki: gutxienez 274 palestinar erail eta 700 inguru zauritu dituzte operazio horretan.

Miliziano palestinarrek bahitutako pertsonak askatzea justifikazio modura erabili arren, sionistek behin baino gehiagotan erakutsi dute ez dutela arazorik "zibil" horiek hiltzeko, ordea: Nuseiraten egindako azken esku-hartzean bi bahitu hil zituela ematen du, eta, joan den apirilean, gutxienez lau "bahitu israeldar" hil zituzten indar sionistek Khan Younis inguruan egindako operazio batean.

Urriaren 7an bertan ere, armada sionistak hainbat "zibil israeldar" hil zituen, ustez, miliziano palestinarren kontra egitean. Nazioarteko hainbat iturrik azaldu dutenez, gutxienez hamalau pertsona hil zituztela uste da.

EZ DAGO IRUZKINIK