Berriki, laguntza humanitarioa jasotzeko zain zeuden 100 palestinar baino gehiago erail dituzte indar sionistek, baita 700 zauritu ere. Gaza hiriko Rimal auzoan izan zen erasoa, atzo goizean: laguntza humanitarioko kamioi batzuetatik janaria hartzen ari zen palestinar mordoa, eta euren kontra tiro egin zuten soldadu israeldarrek. Erasoa justifikatzeko, Israelgo entitate sionistak esan du bere "kontrol-eremura" hurbiltzen ari zirela palestinarrak.
Gosete ikaragarria ari dira jasaten palestinarrak (urriaren 7tik hona, zazpi haur palestinar hil dira gosez), sionisten oldarraldi militarrak eta erabateko blokeoak eraginda. Blokeo horren barruan, laguntza humanitarioa ere erabat itxita daukate militar israeldarrek: geldirik dituzte Egiptotik Gazara sartzen saiatzen ari diren kamioiak, esaterako. Milaka ibilgailu daude Rafahko bidean, ez aurrera ez atzera.
Zenbakitan
Palestina Hoy atariak atzo, otsailaren 29an, argitaratutako balantzea izugarria da. 145 egun igaro dira urriaren 7tik, alegia, palestinar erresistentziak kontraerasora jo eta Israelgo entitate sionistak palestinarren aurkako oldarraldi masiboari ekin zionetik Gazako Zerrendan. Azken ia bost hilabeteetan, gutxienez 30.139 palestinar erail dituzte sionistek (horietatik 13.230 haurrak) Gazan; horiexek dira, hain zuzen ere, ospitaleetan erregistraturiko hilketak eta zenbaketetan kontuan har daitezkeenak. Kaosaren erdian desagertutako palestinarrak, bestalde, 7.000 inguru dira.
Israelen erasoetan zauritutakoak 71.217 dira, eta zauritutako 11.000 lagun inguruk beharko lukete beste herrialde batzuetara tokialdatzea, beharrezko osasun-arreta jaso ahal izateko. Gainera, osasun-arreta falta dela-eta, arrisku larrian daude minbizia duten 10.000 palestinar, gaitz infeksiozoak dituzten 700.000 lagun, eta gaixotasun kronikoak dituzten 350.000 pertsona.
Palestinarren 70.000 etxebizitza erabat suntsitu dituzte sionistek, eta 290.000 etxe kaltetu dituzte guztira. Osasunari loturiko 153 eraikini egin diete eraso; 53 osasun-zentro eta 31 ospitale daude geldirik gaur-gaurkoz, eta 124 anbulantzia suntsitu dituzte. Horretaz gain, erabat suntsitu dituzte 100 eskola eta unibertsitate, 211 meskita eta arkeologiari eta ondasun historikoari loturiko 200 gune.