AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Voz Libre
2023/01/17 08:44

Filipinarrek shabu esaten diote metanfetaminari, eta, hain zuzen ere, izen hori hedatu da "pobreen drogari" erreferentzia egiteko. Izan ere, Katalunian, droga horren kontsumoari buruzko ohartarazpenak atera dituzte argitara zenbait hedabidek azkenaldian; ez hainbeste metanfetaminaren kontsumoak hartu duen dimentsioagatik, baizik eta kontsumo hori sustatzen duten baldintzengatik. Bartzelonako Raval auzoko filipinar elkarteek ohartarazi dutenez, nagusiki lan-esplotazio gogorrari aurre egiteko kontsumitzen dute shabua langile filipinarrek; esaterako, lanaldi amaigabeak jasateko.

Duela hamar urte baino gehiago identifikatu zuten shabuaren kontsumoa Ravaleko filipinarren artean, baina, dirudienez, azken urteetan larriagotu egin da arazoa. Azaldu dute, gainera, beste jatorri batzuetako langileen artean ere ikusi dela droga horren presentzia.

Antza, kokaina baino hamabost aldiz gogorragoa da metanfetamina, eta lo behar gutxiago izatea eta lanaldi luzeak eramatea ahalbidetu dezake. Berehalakoan, euforia, hiperaktibitatea nahiz jateko eta lo egiteko gogo falta sortzen ditu metanfetaminaren kontsumoak. Jakinarazi dute, dena den, arazo mental eta kardiobaskular larriak eragin ditzakeela epe ertain eta luzera; adibidez, bihotzeko arazoak, psikosia, depresioa edota antsietatea aipatu dituzte ondorio modura.

EZ DAGO IRUZKINIK