AKTUALITATEA / Errepresioa
Sestaon bi ertzainek emandako jipoiaren ondoren bertaratu ziren agenteek ez zituzten euren kamerak erabili, ustez
'Bodycam'ak erabiltzera derrigortuta daude berez ertzainak, baina bi agentek Sestaon hiru pertsona jipoitu ondoren esku hartzean, ez omen zituzten piztu. Zaurituetako bati barrabiletako ebakuntza egin behar izan zioten kolpeen ondorioz.
2026eko martxoaren 6 - 09:35
Sestaon bi ertzainek emandako jipoiaren ondoren bertaratu ziren agenteek ez zituzten euren kamerak erabili, ustez

Otsailaren 22an, Sestaon (Bizkaia), hiru lagunen aurka oldartu ziren kalez jantzitako bi ertzain: borra luzagarriekin jipoitu zituzten, eta biktimetako bati barrabiletako ebakuntza egin behar izan zioten gero, polizien kolpeen ondorioz. Handik egun gutxira eman zuten gertatutakoaren berri hedabideek, zauritutako pertsonetako batek jarritako salaketa tarteko, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan zuen barne-ikerketa bat abiatu zuela gertakariak aztertzeko.

Itxura denez, elkarrekin zihoazen hiru biktimek ertzainen autoa kolpatu zuten nolabait, eta hori izan zen kalez jantzitako agenteek haiek jipoitzeko erabilitako aitzakia. Hala ere, iturri ofizialek ez dute erabat argitu gertatutakoa. Jipoiaren ondoren, beste hainbat ertzain bertaratu ziren: ohiko legez, bodycam-ak zituzten gainean, baina Ertzaintzak ez du une horretako grabaziorik erakutsi. Izan ere, esan du ertzainek ez zituztela kamerak aktibatu Sestaon esku hartzean. Teorian, derrigortuta daude kamerak piztera, eta urraketa bat izango litzateke egindakoa. Kalez jantzitako poliziek ez zeramaten kamerarik; ez da derrigorrezkoa kasu horretan.

EITBren arabera, inguruan zeuden segurtasun-kamerak aztertu ditu Ertzaintzak. "Irregulartasun posible" batzuk antzeman dituenez, Barne-Arazoen esku utzi dute kasua, eta grabazio gehiagoren bila ari omen dira. Bi ertzain daude ikerketapean oraingoz.

Bingen Zupiriak asteazkenean hitz egin zuen auziari buruz Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, azalduz gau hartan bi agentek "herritarrekin istilu bat izan zutela eta indarra erabili zutela". Poliziek hiru herritar horiei borra luzagarriekin jo ondoren, gainera, atxilotu egin zituzten. Komisariara eraman aurretik, osasun-etxe batera eraman behar izan zituzten zauriak zirela-eta, eta berehala egin behar izan zioten ebakuntza zaurituetako bati.