AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/18 09:50

Amaitzen ari da ikasturtea, eta gero eta gutxiago geratzen da Euskal Herri osoko ikasleek, masiboki, unibertsitatera sartu ahal izateko azterketa-frogak egin behar izateko. Aurten ere, selektibitatea edo Baxoa derrigorrez gainditu beharko dute unibertsitatean ikasi nahi duten ikasleek. "Gure hurrengo urteak froga bakar batek baldintza ditzake", salatu du Ikasle Abertzaleakek.

"Hiru egunetan eta irakasgai bakoitzeko azterketa bakar batean, ikasturte osoan zehar ikasitakoa frogatzeko ebaluaketa sistema" modura definitu du, esaterako, Hego Euskal Herriko ikasleek gainditu beharko duten selektibitatea. "Froga hori filtro sozialerako, curriculuma inposatzeko, indibidualismoa areagotzeko eta, funtsean, hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da", azaldu dute IAko kideek.

Puntuz puntu

Izan ere, hezkuntza-curriculumari dagokionez, gogorarazi dute "ikasleak oso eduki zehatz bat forma oso mekanizatuan lantzera kondenatzen" dituela ebaluaketa sistema horrek. "Azterketak egiteko gaitasuna da lehenesten dena, eta norbanakoen erritmoa eta ikasleon beharrak albo batera uzten dira", gaineratu dute.

Selektibitatearen bidez bultzatzen den lehiakortasuna ere jarri du jopuntuan IAk, iritzi baitio, "emaitzen araberako irtenbideak daudela irakatsita", "ikasleon arteko elkartasuna sustatu ordez, gure arteko lehia bultzatzen" dela.

Bestalde, ebaluaketa sistema "filtro sozialerako bitarteko" bat dela seinalatuta, hamaika arrazoi direla-eta "ikasturtea aurrera eramateko zailtasunak izan dituzten ikasleak", selektibitatea egiteko ere, "baldintza kaskarragoetan aurkitzen" direla ohartarazi du IAk.

Hitz batean esanda, salatu du "hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko mekanismo bat gehiago" dela selektibitatea; alegia, "bitarteko gutxien dituzten ikasleentzat heziketa-prozesuan aurrera egiteko oztopo bat gehiago".

Mobilizazioak ekainean

Aurten ere selektibitatearen kontra mobilizatzera deitu du ikasle antolakundeak; "ikasle langilea kaltetzen eta hezkuntza sistematik kanporatzen duen ebaluaketa ereduaren" kontra. Ekainaren 6rako jarri du aurreneko hitzordua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Liburutegi Plazan. 11:15ean izango da elkarretaratzea.

Bi egun beranduago, ekainaren 8an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) beste lau campusetan egingo dituzte kontzentrazioak: Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Aulariopean, Gasteizko (Araba) Farmazia Fakultatearen atzeko aldean, Leioako (Bizkaia) Mikel Laboa plazan eta Eibarko (Gipuzkoa) Ingeniaritza Eskolan. 10:30ean izango dira protesta guztiak.

EZ DAGO IRUZKINIK