Euskal Herriko lau herrialdeetan zortzi eraso salatu dira azken egunetan, Baionan (Lapurdi), Algortan (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Tuteran (Nafarroa), hain zuzen. Algortan bi emakume izan dira erasotuak jaietan. Lehen erasoa uztailaren 25ean eman zen, Aixerrotako paella jaialdian eta bigarrena, aldiz, uztailaren 30ean jazo zen, goizeko 7:00tan. 17 urteko gaztea zen emakumea. Erasotzaileak atxilotu eta deklaratzera deitu zituzten.
Gasteizen hiru eraso salatu dira azken egunetan. Igandean, uztailak 30, gazte batek bere bikotea jo zuen, Ortiz de Zárate kalean. Bergarako Portaletik gertu bikotekide ohia erasotu zuen ere beste gazte batek, aldentze-agindua ezetsi baitzuen. Azkenik, bikotekide ohia erasotu zuen 56 urteko gizon batek Abetxukon eta, aditzera eman dutenez, osasun-langileek artatu behar izan zuten emakumea, eragindako lesioak zirela eta.
Elkarretaratzea deitu du Ipar Euskal Herriko Itaiak.
Baionako jaiak hasi eta, Itaiak azpimarratu bezala, "bestetako erralitate matxista" azaleratu da. Salatu dutenez, Lapurdiko hiriburuaren festak "ez dira espazio seguru bat emazteentzat" eta emakumeek "hamaika bortxaketa, onespenik gabeko ukitu eta ohar matxista pairatzen" dituztela salatu dute. Izan ere, jada hiru eraso jazo dira azken egunetan: sexu eraso baten berri eman zuen Ipar Euskal Heriko Itaiak eta beste bat, Pirinio Atrlantikoetako Prefeturak. Gainera, emakume batek bortxaketa salatu zuen, uztailaren 28an.
Erasoei aurre egiteko indarkeria matxistaren kontrako asanbladaren berri eman zuen Itaiak uztailaren 25ean, "indarkeriari aurre egin eta tresna eragikor eta kolektiboak sortzeko" asmoarekin. Hala, aipatutako erasoak salatzeko elkarretaratzea deitu zuten uztailaren 30ean, Baionako merkatu plazan.