AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/07 10:21

Aurrera doa Espainiako Estatuko Segurtasun Nazionalaren Legea aldatzeko prozedura. Erreforma hori xehatzen eta zehazten duen aurreproiektua prest dago, eta joan den ekainaren 22an irakurri zuten aurrenekoz Ministroen Kontseiluan. Baliteke laster onestea han, eta Kongresura bidaliko lukete orduan.

Segurtasun Nazionalaren Legearen erreforma proposatzeko, COVID-19aren harira sortutako "gerra-egoera" hartu zuen aitzakiatzat Espainiako Gobernuak. Hala, autoritateek larrialdi-egoeratzat jotako uneetan gobernuak izango lituzkeen eskumenak aldatu nahi dituzte. "Herritarrek eta pertsona juridikoek lankidetzan jardun behar dute, modu pertsonalean edo materialean, Segurtasun Nazionalerako interes-egoera batean, agintaritza eskudunak hala eskatuz gero", dio gobernuak.

"Segurtasun Nazionalerako interes-egoera" gisa identifikatzen dira, adibidez, "epidemiak eta pandemiak", "aldaketa klimatikoaren ondoriozko efektuak", "emergentziak eta hondamendiak", "ezegonkortasun ekonomiko eta finantzarioa", "terrorismoa", "krimen antolatua", "gatazka armatuak", "espioitza", "ziberespazioaren eta aireko, lurreko zein itsasoko espazioaren zaurgarritasuna", "zaurgarritasun energetikoa" edota "desinformazio kanpainak".

Neurri zehatzak

Pixkanaka, ari dira argitara ateratzen aurreproiektuak proposatzen dituen hainbat neurri zehatz. Hainbat hedabidetan berriki zehaztu dutenez, larrialdi-egoeretan baliabide publiko nahiz pribatuetara behin-behineko sarbidea izatea proposatu du gobernuak. Gainera, jarduera oro bertan behera uzteko ahala izango luke, aurreproiektuaren arabera. Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak, hortaz, izaera publiko zein pribatuko baliabide humano eta materialei buruzko txosten bat egingo duela dirudi, Espainiako Estatuan dagoen baliabide oro jasota egoteko.

Larrialdi-egoeretan bermatu nahi omen den beste zerbait da autohornikuntza, esportazioekiko mendekotasunik ez izateko. Horretarako, Industria Ekoizpeneko Gaitasun Nazionaletan Oinarritutako Erreserba Estrategikoa (Recapi) azken burura eramatea da asmoa. 2020ko urrian onartu zen neurri hori; mekanismo horren helburua da, berez, Espainiako Estatuan material estrategikoa dagoela ziurtatzea. Elementu estrategikoak izango lirateke, besteak beste, osagai elektronikoak, komunikazio-teknologiak eta baliabide sanitarioak.

"Segurtasun Nazionalerako interes-egoera batean", bestalde, adineko pertsonak nahieran mobilizatzeko gaitasuna edukiko luke gobernuak. Hedabideei ere eragingo lieke erreformak: behartuta egongo lirateke autoritateekin "kolaboratzera", haiek zehaztutako "informazio prebentiboa eta operatiboa" zabalduz, esaterako.

Ezbaian

Antza, aurreproiektuaren testuak Espainiako Konstituzioko 30. artikulua dauka oinarri modura. Artikulu horretako laugarren atalaren arabera, "legez, herritarren betebeharrak arautu ahal izango dira arrisku larriko, hondamendiko edo zorigaitz publikoko kasuetan". Dena den, "lege arrunta" delakoa baino ez litzateke hori, eta ez lege organiko bat. Berez, lege arruntek baino ezin dute eraginik izan herritarren oinarrizko eskubideetan.

EZ DAGO IRUZKINIK