Arriskuan dago Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka Gaztetxea ere. Bertako bederatzi kide epaituko dituzte azaroaren 5ean, Barakaldoko (Bizkaia) epaitegietan. Azaroaren 1erako, ostiral honetarako, manifestazio batera deitu du Gaztetxeak.
2020an okupatu zuten urte luzez abandonaturik egondako eraikin bat, Karmengo Ama ikastetxea izandakoa, Gaztetxe bilakatzeko. Handik gutxira eraso zion norbaitek espazioari, su emanda: gasolina bidoiak aurkitu zituzten espazioan zehar, sakabanaturik. Geroztik, eraikina eraberritzen ibili dira Portugaleteko hainbat eta hainbat pertsona.
Espazioa birjabetu zutenetik lau urte igaro dira, eta Sastraka Gaztetxeari "epaitegiaren itzala" heldu zaio jadanik, adierazpen baten bidez azaldu dutenez. Okupazio-mugimendua "kriminalizatu eta zigortu" nahi dutela seinalatu dute, "galbidera eta abandonora bideratu nahi zuten eraikin bat lau urtez haien eskuetatik askatu eta bizi berri bat eman diogulako", azpimarratu dutenez.
"Kapitalismoaren logikatik kanpoko eskaintza politiko eta kulturala" sortu dute Sastrakan, eta "milaka asanblada, lan-egun eta beste hainbeste izerdi-tantaren artean kontrabotererako espazio bat" izan da, bertako kideen hitzetan. Kontzertuak, azokak, mendi-irteerak, baratze bat eta beste zenbait proiektu jarri dituzte martxan.
Gaztetxea orain arriskuan egon arren, "ez da ezer amaitu". Hala, epaiketa salatzeko mobilizatuko dira aste honetan: "Ez da gazte horien kontrakoa bakarrik, mundu-ikuskera eta borroka kolektibo bati egiten zaion epaiketa da".