Iragan hilabetean, abuztua, gutxienez hiru gaztetxetan salatu dituzte erasoak: Etxauribarko Gaztetxean (Etxauribar bailara, Nafarroa), Zizur Nagusiko (Nafarroa) Esparru gaztetxean eta Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka gaztetxean.
Etxauribarren izan zen aurreneko erasoa. Etxauribarko Gazte Asanbladak abuztuaren 13an jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu zuela, "Etxarriko ikuilua" modura ezaguna zena, Etxauribarko Gaztetxeari lekua emateko. Hala, aurretik martxan jarritako Gaztetxea bailara eraldatzeko tresna proiektua oinarri hartuta, gaztetxe berria "bailarako eragileen arteko antolakuntzarako ezinbesteko azpiegitura" izango zela adierazi zuten asanbladako kideek. Birjabetzearen berri eman ostean, hainbat egunetarako egitaraua aurkeztu zuten.
Abuztuaren 16an, ordea, gaztetxea "desalojo arriskuan" zegoela jakinarazi zuen Etxauribarko Gazte Asanbladak. Besteak beste, "mehatxu eta gezurrak" salatu zituen. Handik bi egunera, asanbladako kideek azaldu zuten "espazioa uztea" erabaki zutela "azken egunetan sortutako egoeraren ondorioz".
"Presioak jasan izanaren ondorioz espazio batetik atera behar izatea desalojoa da", salatu zuen Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak, Etxauribarko Gaztetxeari "elkartasun osoa" adieraztearekin batera.
ESPARRU, UDALAK ZIGILATUA
Bestalde, Esparru gaztetxeak abuztuaren 19an salatu zuen eraso berri bat: Zizur Nagusiko Udalak espazioa zigilatu zuen, oinarri juridikorik gabe eta osasun-neurrien aitzakiapean. Gaztetxeko kideen esanetan, "segurtasuna bermatzeko protokoloak" zituzten abian, eta gainera, askotariko "kultur jarduerak" bertan behera uztea erabaki zuten aurretik. Hortaz, salatu zuten gaztetxearen zigilatzeak ez zuela "oinarri sanitariorik", "errepresiboa baizik", "Zizurreko herri mugimenduaren antolaketa eta jarduera politikorako beharrezkoa den tresna bat deuseztatzeko".
"Inkongruentzia handia erakutsiz, oinarrizko eskubide bat urratzen da, biltzeko eskubidea, alegia", gaitzetsi zuten gaztetxeko kideek. Kontrara, baina, bestelako jarduera batzuetan jendea pilatzea "sustatu" egiten dela salatu zuten, beti ere, "ekoizten edo kontsumitzen bada". "Ez baitugu ekonomia kapitalista ahultzerik nahi, oso tokikoa izan arren, eta horrekin batera, babesten duten erakunde burgesak", mintzatu ziren ironiaz.
SUTEA SASTRAKAN
Sastrakari (uztailean birjabetua) dagokionez, gaztetxeko kideek abuztuaren 24an eman zuten jazotakoaren berri: gauean, sute bat izan zen gaztetxean. Antza, kanpoko horma batek hartu zuen su, eta hori izan zen jatorria.
"Ez daukagu inolako zalantzarik gaztetxean izandako sutea intentzio txarrez eragindakoa izan dela, eta froga irmoak ditugu hori berresteko, besteak beste, hormetan eta lurrean agertutako margoketak (Urkullu Dios edota Gora Ortuzar), eta, zelan ez, suhiltzaileekin izandako elkarrizketak", azaldu zuten gaztetxeko kideek prentsaurreko bidez. "Tamalez, ez da lehenengo aldia Portugaleten, interes ekonomiko eta espekulatiboak medio, horrelako ezaugarriak dituen eraikin batek su hartzen duena", gaineratu zuten.
"Beste faktore bat" ere ekarri zuen gogora Sastrakak: "azken aste eta hilabeteetan, medio nagusiek okupazioaren aurkako gerra hasi dute, okupazioa bera fribolizatuz zein kriminalizatuz eta iritzi publikoa kapitalaren interesen zerbitzura jarriz".
Sutearen harira, Portugaleteko alkate Mikel Torresek ondorengoa adierazi zuen: "Arrisku bat dago eraikin bat okupatzen denean, eta kasu honetan, inork nahi izango ez zukeen egoera bat gertatu da". "Gaztetxeari su ematen diote, eta gainera, okupazioaren ekintzari leporatzen zaio gertatutakoa. Ezin da onartu, ez gure kontrolpeko espazioen aurkako horrelako erasorik, ezta erasoa bera okupazioaren fenomeno osoaren aurka baliatzea ere", salatu zuen Errakik. "Horrelakoetan, borrokatzen dena ez da soilik gaztetxearen biziraupena. Harago doa".
Sutea gertatu eta hurrengo egunerako, abuztuak 25, manifestazioa deitu zuten gaztetxeko kideek. Ehunka pertsonak bete zituzten Portugaleteko kaleak, "gaztetxearen defentsan", eta Ez dago sastraka guztiak erreko dituen sugarrik lemapean.