AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/27 13:20

Espainiako Estatuko zigor-kodea alda dezatela proposatu du Gorroto eta Diskriminazio Delituen aurkako Salako fiskalak, Miguel Ángel Aguilarrek. Izan ere, badirudi sare sozialetako "gorroto-kanpainak" zigortu nahi dituela, kanpaina horien egileen aurkako neurriak hartzeko. Neurri horien artean egongo litzateke, itxura denez, akusatuei Interneterako eta sare sozialetako sarbidea debekatu ahal izatea.

"Gorroto-kanpainei" erreferentzia egitean, pertsona migranteak "kriminalizatzeko" kanpainak omen ditu gogoan fiskaltzak. Kolektibo migratuen aurkako mezuak, beraz, "gorroto-delituekin" lotu nahi omen ditu. Horretarako abiapuntu modura hartu du, teorian, hilabete honetan Toledoko Mocejón herrian gertatutakoa: 11 urteko haur baten hilketa aitzakiatzat hartu du jende andanak, pertsona migranteak seinalatzeko eta kriminalizatzeko. Besteak beste, albiste eta informazio faltsuak argitaratu dituzte.

Cadena Ser hedabideari eskainitako elkarrizketa batean, Aguilarrek esan du "interesgarria" izango litzatekeela "Internet edo sare sozialak delitu bat egiteko erabili" dituzten pertsonak zigortu ahal izatea; hain zuzen ere, baliabide horietarako sarbidea debekatuta.

Horri lotuta, sare sozialetako anonimotasuna deuseztatzea ere atera omen du mahaira fiskaltzak. Horretarako, derrigorrezko baldintza modura ezarri nahi dute sare sozialetan bakoitzaren datu errealak eman behar izatea, erabiltzaile guztiak "behar bezala identifikatu" ahal izateko.

Aguilarrek gogorarazi du, dena den, gertakariren bat "gorroto-delitutzat" jo ahal izateko, "beharrezkoa" dela gertatutakoak "nolabaiteko garrantzia eta larritasuna" izatea. Horretaz gain, kontuan edukitzen omen dute seinalatutako pertsonek "lidergo-gaitasuna" izatea.

"Gorrotoa"

Teorian eta hitzez, kolektibo migratuak babestu nahi omen ditu fiskaltzak, baina modu abstraktuan ezaugarritu dituzte jopuntuan jarri beharreko "gorroto-kanpainak": zenbait iturrik esan dute "kolektibo batekiko diskriminazioa" zigortu nahi dutela zigor-kodea aldatuta, kolektibo horiek zeintzuk izango liratekeen eta zeintzuk ez guztiz zehaztu gabe.

Ikusteke dago zer ibilbide izango duen fiskaltzak egindako azken proposamenak, eta aurrera eginez gero, zer modutan eta nortzuk baliatuko duten zigor-kodearen aldaketa. Esanguratsuak dira, adibidez, "gorroto-delitua" delakoari dagokionez izan diren hainbat kasu. Izan ere, "gorroto-delituaren" aurkako zigorra, berez, kolektibo "zaurgarriak" eta "gutxiengo sozialak" babesteko sortu zuten. Gerora, ordea, hainbat instituzio zapaltzaile edo sektore erreakzionario babesteko baliatu nahi izan dute.

Esaterako, Vox alderdi faxistak hainbatetan salatu du "gorroto-delituak" jasan izana –irailaren 11n epaituko dituzten Lizarrako (Nafarroa) bi gazteren kasuan, Nafarroako Probintzia Auzitegiak oroitarazi zuen Vox ezin dela izan gorroto-delitu baten biktima–; Orgullo Cazurro taldeko faxista bati aurre egin zion gazte bat atxilotu dute udan Gasteizen (Araba), "gorroto-delitu bat" egitea leporatuta; Indar Gorriko kide bat atxilo eraman zuten ekainean, sare sozialetan jokalari sionista bat seinalatzea egotzita; Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 40 musika-taldea auzipetu dute berriki, "gorroto-diskurtsoak" zabaltzea leporatuta, eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK