Atzo goizean, igandez, Galizian ere izan ziren Palestinaren askatasunaren aldeko manifestazioak. Santiago de Compostelan mobilizazio jendetsu bat egin zuten: amaieran, Israelgo Estatu genozidarekin kolaboratzen duen enpresa batera sartzen saiatu ziren hainbat pertsona; Burger King saltoki batera, hain zuzen ere. Enpresa horrek modu publikoan babestu ditu sionistak.
Erdiguneko Senra kalean saiatu ziren protesta-ekintza egiten, baina Espainiako Poliziak manifestarien kontra kargatu zuen, hainbat lagun atxilotuz. Arratsaldean, hala, protesta bat izan zen komisaria aurrean, atxilotuak aska zitzatela exijitzeko.
Bitartean, Galizian bertan, 100 faxista inguru askatasun osoz aritu ziren: Malagako zaleen talde faxista bat, Frente Bokerón, A Coruñako kaleetara atera zen. Antza, Deportivoko Riazor taldeko kideen bila egon ziren erdigunean. Zenbait zale galiziarri eraso zieten, eta kalteak eragin zituzten taberna batzuetan. Haien kontra ez zuen jo Poliziak.
Kargak Erroman ere
Erroman ere, joan den larunbatean, Poliziak gogor jo zuen Palestinarekin elkartasunez mobilizatzen ari zirenen kontra. Horren aurretik, manifestazioa debekatu zuen Italiako Gobernuak. Hala ere, debekuari aurre egin eta milaka pertsona irten ziren kalera.