AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
@saderprokanpora
2024/12/18 13:07

Zorrotzako (Bilbo, Bizkaia) instalazioan tratatzen dituen hondakinen bolumena legez handitu ahal izateko, Sader enpresak bi eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari, bai uztailean bai joan den azaroan. Azaroan bertan elkarretaratze bat egin zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, eta salatu zuen Jaurlaritzak, hondakin arriskutsuen trataerari mugak jarri beharrean, %40 handitu duela Sader eta Profersa konpainien gaitasuna

Plataforma horrek berriki esan duenez, gainera, Saderrek are gehiago handituko du bere jarduna: hondakin gehiago jasoko ditu, enpresako zuzendaritzak "ez-arriskutsutzat" hartzen dituenak. Hondakin horiek, ordea, Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik Artaxoako (Nafarroa) Ecofert enpresari bidalitakoak dira, Nafarroako Gobernuak errefusatu ondoren, Zorrotzako lantegira mugitutakoak. Antza denez, lixibiatu likidoak daude tartean, nahiz eta Zubietan solidotzat jo.

Donostiako (Gipuzkoa) epaitegiak ikerketa bat ireki zuen Saderren kontra, CMG-I lantokiko eta Zubietako erraustegiko isurketak zirela-eta. Zorrotzan ere irregulartasunak izan dira azken urteetan: susmatzen dute baimendutakoa baino hondakin gehiago tratatzen dituela bertan aipatutako enpresak. Jaurlaritzak ez ditu kontrol-neurriak zorrozten, ez eta jarduera murrizten ere, kontrakoa baizik.

108.500 tona hondakin arriskutsu

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren arabera, egun askotan "ezinezkoa" da Zorrotza inguruko airea arnastea. Saderrek uztailean eskatu zuen urtean zehar 33.460 tona hondakin arriskutsu eta "ez-arriskutsu" tratatu ahal izatea, eta azaroan, berriz, beste 17.100 tonari buruzko eskaera atera zuen mahaira. Jaurlaritzako Industria, Trantsizio energetiko eta Sustengarritasun kontseilaria, Mikel Jauregi, uztaileko eskaeraz bakarrik aritu da publikoki: hondakin arriskutsuen kudeaketa 29.360 tona gehiagokoa izatea onartu zuten udan, administrazio-isiltasunaren bitartez onartuta.

Eskaera horrekin, enpresak %28 handitu nahi zuen ur oliotsuen eta emultsioen tratamendua, bainu azidoen neutralizazioa, burdin-kloruroaren ekoizpena eta lokatzen tratamendua. 121.140 tona tratatzetik 154.600 lantzera igaroko litzateke Sader, hala. Tratatzeko hondakin arriskutsuak 79.140 tona izatetik 108.500 tona izatera pasatuko dira, eta "ez-arriskutsuak" 42.000 tonatik 46.000 tonara.

EZ DAGO IRUZKINIK