RidersXEskubideak plataforma sortu berri bada ere, Glovo enpresak pasa den azaroan hasi zuen bere jarduna Iruñean (Nafarroa). Enpresa horretako beharginak motorrekin zein bizikletekin aritzen dira banaketa-lanetan, bizkar zorro horia bizkarrean dutela eta abiadura bizian. Izan ere, Glovok bere langileei 30 minutuko tartea besterik ez die ematen garraiatu beharreko elementua jaso eta eskatu den lekuan uzteko. Gainera, zenbat eta lehenago utzi, banatzaileek aldeko puntuak lortzen dituzte; ostera, atzeratuz gero, penalizatu egiten dituzte.
Hala ere, lan-baldintzak direla eta, aipatutako enpresetako langileek gero eta salaketa gehiago jartzen ari dira epaitegietan. Gainera, gero eta ebazpen gehiago dituzte aldeko.
Iragan astean, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) kalera atera ziren beharginak, Glovorentzat lanean ari zen Pujan Koilara gaztea kamioi batek harrapatu eta hil ostean. Gutxienez hamalau langile gehiago erail dituzte enpresa berarentzat lanean ari zirela; besteak beste, Mexikon, Erresuma Batuan, Italian, Errusian, Frantzian, Argentinan eta Australian.