AKTUALITATEA / Gerra
Venezuelako petrolio-ekoizpena hirukoiztu nahi du Repsolek, Trumpek bide egin ostean
Gas-ekoizpena areagotzeko eta Caraboboko petrolio-eremuan plan bat garatzeko aukera ere badu Josu Jon Imazen enpresak, AEBen interbentzio militarrari esker. 2025ean %8 gehiago irabazi zuen Repsolek.
2026eko otsailaren 20
Venezuelako petrolio-ekoizpena hirukoiztu nahi du Repsolek, Trumpek bide egin ostean
— ARGAZKIA eleconomista.es

1.899 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen iaz Repsolek, petrolioarekin eta gasarekin negozioa egiten duen energia-enpresa erraldoiak. Aste honetan bertan Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dionez, 1.899 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2025ean, aurreko urtean baino %8,1 gehiago. Emaitza garbi doitua, negozioen martxaren zenbatekoa neurtzen duena, 2.568 milioi eurokoa izan zen, %15,1eko beherakadarekin. Hala jaso du EITBk.

Josu Jon Imaz da konpainiako burua, ia hamabost urtez EAJn hamaika kargu izan ostean (besteak beste Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua izan zen) egin baitzuen jauzi energia-enpresako zuzendaritzara. Amerikako Estatu Batuek Venezuelan egindako interbentzio militarraren ondoren, "baikor" ageri da Imaz jendaurrean, Hego Amerikako herrialdean Donald Trumpen alfonbra gorria lortu duen enpresetako bat baita Repsol. Aurreikusgarria izan zitekeen, urtarrilean AEBek ofentsiba militarrera jo eta Nicolas Maduro presidentea bahitu ondoren, Trumpek petrolio-sektoreko handikiekin egindako bileran parte hartu baitzuen Imaz jeltzale ohiak.

Repsoleko kontseilari ordezkariak, hamabi hilabetean, %50 handitu nahi du petrolio-ekoizpena Venezuelan. Hiru urteko eperako egindako aurreikuspena are handiagoa da: ekoizpena hirukoiztu nahi du ordurako, hainbat hedabidek jaso dutenez. Dena den, berriki egindako goi-konferentzia batean, Imazek azpimarratu du "epe motzean" jarri behar dela "fokua", Estatu Batuek Mendebaldeko enpresa erraldoiei bide egin dien aldi berean. Venezuelako egoera "duela bi hilabete baino nabarmen hobea" dela gaineratu du handikiak.

Imazek azaldu du Repsol prestatzen ari dela jada Venezuelan lapurtutako petrolioa esportatzeko, Espainiako Estatura edo AEBetara kasu. Aste honetan bertan, Bilbon (Bizkaia) porturatu da Venezuelan oraintsu lortutako petrolio hori zeraman lehenengo ontzia, Folengrados. Hortik haratago joango da enpresak herrialde karibetarrean indartuko duen jarduna, hala ere: gas-ekoizpena areagotu ahal izango du, petrolio-ekoizpena handitzeko instalazioak berritu ahal izango ditu, eta Caraboboko petrolio-eremuan plan bat garatu ahal izango du, Europa Press agentziaren arabera.