AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Al Jazeera
2024/05/27 09:28

Israelgo Estatu terroristak duela 20 egun ekin zion lurreko erasoari Rafahn. Bart, beste eraso kriminal bat egin dute bertan indar militar sionistek: ipar-mendebaldeko errefuxiatu-kanpaleku bati eraso egin diote, Tal al Sultan auzoan hain zuzen ere, hura bonbardatuta. Gutxienez 50 palestinar erail eta dozenaka zauritu dituzte eraso horretan, eta, antza, bizirik erreta hil dira gehienak. Bonbardaketak, gainera, suteak eragin ditu kanpamentuan.

Ehunka palestinar errefuxiatu daude erasotako kanpaleku horretan, eta ez dago estatu sionistak huste-agindua eman duen eremuen artean. Eraso terrorista egiteko, Israelgo Estatuak berriz hartu du aitzakiatzat "Hamaseko goi-kargudun" bi hiltzea.

Joan den asteburuan, beste errefuxiatu-eremu bati ere egin diote eraso sionistek, Zerrendaren erdialdean: lehergailuak jaurti dituzte Nuseiraten, hainbat etxebizitzaren kontra. Hamasek ere, azken orduetan, hainbat suziri jaurti ditu sionistek guztiz kontrolatzen duten eremura; tartean, Tel Avivera. Lau hilabete zeramatzan halako erasorik egin gabe.

Palestinar erresistentzia, tinko

Israelgo Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera, azken bi hilabeteetakoa izaten ari da urtearen hasieratik hona zauritu sionista gehien jasotako epea. Eta, Rafahko lur-erasoa hasi zenetik, gora egin du zauritu eta hildako kopuruak armada sionistan: gutxienez 23 militar terrorista hil ditu palestinar erresistentziak maiatzaren 7tik 21era bitartean, martxoan eta apirilean zehar bezainbeste.

36.000 eraildako

Israelgo Estatu genozidak duela 234 egun ekin zion erasoaldi militar masiboari Gazako Zerrendan. Ordutik, ia 36.000 palestinar erail ditu han, eta 80.000 lagunetik gora zauritu ditu. Gainera, gutxienez 10.000 palestinar daude desagertuta. Azken orduetan soilik, Zerrendan ia 200 palestinar hil dituzte indar militar sionistek.

EZ DAGO IRUZKINIK