AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2024/05/29 08:39

Begi guztiak daude Rafahn jarrita. Israelgo Estatu terroristaren kasuan, palestinarrak erailtzen jarraitzeko ari da Rafahri begira: bigarren egunez jarraian egin die eraso palestinarren errefuxiatu-kanpalekuei, eta beste 45 desplazatu bizirik erre eta hil ditu. Itxura denez, haurrak ziren horietatik 25. Mugarik Gabeko Medikuek jakinarazi dutenez, osasun-langileei kanpalekuetara sartzea edota horietatik irtetea eragotzi zaie, gainera.

Igandetik astelehenerako gauean ere errefuxiatu-eremu baten kontra jo zuten sionistek, Rafahko Tal al Sultan auzoan (ironikoa badirudi ere, agintaritza sionistek behartu zituzten palestinar asko hara mugitzera, toki "segurutzat" jota eta beste leku batzuetatik alde egin zezatela agindu ostean). Eraso horretan, gutxienez 50 palestinar erail zituzten. Ehunka pertsona daude zaurituta, gainera, kanpalekuen kontrako eraso militarren ondorioz; eta su hartu dute kanpamentuetako hainbat eremuk.

Palestinako Osasun Ministerioaren esanetan, azken orduetan, palestinarren hamar errefuxiatu-eremu eraso ditu Israelgo Estatuak. Rafahn (Zerrendaren hegoaldean), Nusseiraten (erdialdean) eta Jabalian eta Gaza hirian (iparraldean) daude eremu horiek.

Urritik, 36.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan. Zaurituak 80.000 baino gehiago dira, eta desagertuak 10.000 inguru.

Etenik gabeko Nakba eta ihesa

Entitate sionistak duela 20 egun ekin zion lurreko erasoari Rafahn. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA, ingelesezko sigletan) azaldu duenez, azken hiru asteetan, milioi bat palestinarrek egin behar izan dute ihes Rafahtik. Al Mawasiko hondartzetara alde egiten ari dira asko eta asko, baina bertan ez dago ur edangarririk ere.

Rafahn dauden palestinarren artean, milaka eta milaka dira errefuxiatu-eremuetan pilatutako desplazatuak, babes hartzeko nora joan ez dutenak. Pertsona horiek Rafahra tokialdatu dira azken hilabeteetan, urriaren 7tik hona, sionistak egiten ari diren eraso kriminaletatik ihesi. Gazan, baina, ez dago toki segururik, eta errefuxiatuen kanpalekuak bonbardatzeari ere ekin dio Israelgo Estatu genozidak.

EZ DAGO IRUZKINIK