AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urriaren 19an, Bilbon egin zuen protesta GKSk, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetza aurrean.
2023/11/02 22:46

Urriaren 18an, Bilbon (Bizkaia), Espainiako Gobernuaren ordezkariordetza aurrean egin zuen protesta Gazte Koordinadora Sozialistak. Sionisten politika kriminalaren konplize modura salatu zuten gobernua gazteek, eta elkartasuna adierazi zioten palestinar herriari. Palestinako sarraskiaren erantzuleak seinalatzen jarraitzen du GKSk, eta gaur Donostian (Gipuzkoa) egingo du protesta bat, PSOE jopuntuan jartzeko eta sionistei emandako babesa salatzeko.

"PSOEk gidatzen duen Espainiako ezkerreko gobernua ere NATOk ordezkatzen duen bloke inperialistarekin lerrokatu da, eta Mendebaldeko oligarkiak Ekialde Hurbilean dituen interesak babestu ditu", azaldu dute Donostiako GKSko kideek: "Besteak beste, gerra-ontziak Israeli laguntzera bidali izana eta Israelen kolonizazio krudelari zilegitasuna aitortu izana horren adibide argiak dira".

"Estatu sionistak ezin izan du palestinar guztiak kanporatzeko eta errefuxiatu bihurtzeko helburua bete, eta palestinar herria zein erresistentzia sarraski bidez menderatzea erabaki du, NATOren babes guztiarekin", jarri du testuinguruan GKSk. Sionistek, hain zuzen, "muturrera eraman" dituzte urte luzez palestinarren kontra ezarritako neurriak: "Gaza urik, argindarrik eta komunikaziorik gabe utzi dute; gosez hiltzen saiatzeko elikagaien sarbidea oztopatu dute; ospitaleak, eskolak, meskitak, etxebizitzak zein edonolako azpiegiturak bonbardatu dituzte; atxiloketa masiboak eta arbitrarioak burutu dituzte...".

"Nazio Batuen Erakundearen eta Mendebaldeko herrialdeen babes osoarekin aritu da Israel inpunitate osoz Palestina kolonizatzen, lurrak eta etxeak indarrez lapurtzen, eta erregimen sionista-faxista oso bat bortizkeria hutsez ezartzen", gaineratu dute GKSko kideek. Gogorarazi dutenez, "operazio horrek palestinarren erresistentziarekin topo egitean, palestinarren aurkako sarraski odoltsua abiatu du Israelek, eta Mendebaldeko estatu guztien babesa eduki du horretarako". Hortaz, sionistak "Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren kolaborazioarekin ari dira" palestinarrak sarraskitzen, GKSk nabarmendu duen modura: "NATO da Ekialde Hurbilean Israel bezalako zaindari bat egonkortzeko eta bermatzeko interesatu nagusia".

Interes horien alde eginda, sionistak gauzatzen ari diren sarraskiaren konplize zuzena da PSOE, GKSk azpimarratu duenez. Mahaira atera du, beraz, "horrek zer pentsatua eman beharko liekeela PSOEri babesa ematen ari diren ezkerreko alderdi politikoei": "Genozidio baten aurrean 'zuzenbide internazionala betetzera', 'elkarrizketara' eta 'konponbidera' dei egiteak ez du ezertarako balio, ez bada norberaren aurpegi zuriketarako, eta zapaltzailea zein zapaldua parekatzeko".

Sionistak Palestinan egiten ari diren sarraskia berriz salatzeko eta genozidei PSOE ematen ari den babesa seinalatzeko, gaur protestara joko du GKSk. Donostiako Bilbo Plazara bertaratzera deitu du, gaur, 18:00etarako.

EZ DAGO IRUZKINIK