Euskal Herriko hainbat militante sozialistak Marxen Kapitalaren irakurketa abiatu eta jarraipen kolektiborako bitartekoak eskainiko dituzte

Irakurketa kolektiboaren bitartez, "kapitalismoaren kritikarako bitarteko teorikoak" eskaintzea da asmoa. Errealitatea modu kritikoan aztertzeko "lanabes teorikoa" izango da abiatutako dinamika, eta 2021eko urtarrilera arte iraungo du. Modu horretan, "lehentasunezkoa" den beste zeregin bati ere helduko diote: "idazki marxistak euskaratzeari".
Argazki Nagusia
2020ko ekainaren 13a

Ekainean hasi eta hurrengo urteko urtarrilera arte, Karl Marxen Kapitala testuaren lehenengo liburuaren irakurketa kolektiboa egingo dute Euskal Herriko hainbat militantek. "Testuinguru politiko berriaren aurrean", "maila ideologikoan" sakondu nahi dute modu horretan; izan ere, mintegien helburua izango da "formakuntza teorikoan sakontzea" eta "errealitatea ezagutzeko eta eraldatzeko erreminta teorikoak eskuratzea".

Horretarako, "ekoizpen eredu kapitalistari orain arte egin zaion kritika zorrotzena" irakurtzeko baliabideak eskuragarri jarriko dituzte; hala nola, testuaren atal bakoitzaren laburpenak, testuinguruari hurbilpenak eta bibliografia gehigarria. Bitarteko horiek GEDAR LANGILE KAZETAn egongo dira erabilgarri.

Hiru ardatz

Dinamikaren bultzatzaileek azaldu dutenez, hiru izango dira Kapitalaren irakurketa kolektiboaren ardatzak:

Batetik, testuaren irakurketa kolektiboa aurrera eramateko baliabideak eskaintzea dute xede, "militanteek kapitalismoaren kritika teorikoarekiko hurbilpen bat eman dezaten". "Izan ere, ezin dugu ahaztu Kapitala langileei zuzenduriko lana dela", diote.

Bestetik, irakurketa kolektiboaren bidez, "krisialdi ekonomikoaren testuinguruan", "errealitatea kritikoki aztertzeko lanabes teorikoak" eskuratu nahi dituzte. Azpimarratu dute Kapitalak "gizarte kapitalistaren funtzionamenduaren ezagutza eta kritika" bateratzen dituela, baita eragiketa hori aktibatzea "funtsezkoa" dela ere, "langileen optika politikotik begiratuta".

Azkenik, garrantzia berezia eman diote Kapitalaren irakurketarako baliabideak euskaraz eskaintzeari. Izan ere, dinamikaren bultzatzaileen esanetan, "lehentasunezkoa" da idazki marxistak euskaratzea eta Euskal Herrian ekoizten diren testu marxistetan ohiko bilakatzea euskararen erabilera.

Dagokien egunetan, testuaren atal bakoitzaren laburpenak eskegiko dira gedar.eus webguneko Langile Zientzia atalean.