AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019/06/14 11:11

Asteazkenean hasi zen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, Iraultzaren sugarra hauspotzen izenpean. Hala, ehunka gazte bertaratu ziren Azpeitiara (Gipuzkoa), “prozesu sozialistari bultzada emateko, komunitate politikoa indartzeko eta langile kultura hedatzeko” asmoz antolatutako egitasmoarekin bat egitera. Auzolanak izan dira ardatz egunotan, eta alorrez alor lanean aritu dira Euskal Herriko hamaika txokotako gazteak, Azpeitiko hainbat proiekturi bultzada ematen.

Lan egunen antolakuntzan jardun duen kide baten hitzetan, “apustua izan da topaguneak lan egunak oinarri izatea”: “Sekula egin ez den zerbait izan da, eta ikusi dugu benetan baliagarria dela hainbeste jendek elkarrekin lan egitea, modu koordinatuan”. Azpeitian birjabetutako Esklabak eraikinari zein herriko beste zenbait proiekturi “bultzada handia” eman dietela nabarmendu du: “Esaterako, Azpeitiko Gaztetxean bigarren solairu bat eraiki dute, eta horrek gu guztion indarrak handitzea ahalbidetuko du, zenbait jarduera aurrera eraman ahal izateko”.

Ibilbide sendoa bizkarrean

Dena den, egunotan Azpeitian islatu den guztia prozesu luzeago baten emaitza izan dela dio topagunean lanean aritu den kideak: “Urtean zehar beste auzolan batzuk egin ditugu Euskal Herriko hainbat gunetan, eta orain ikusi dugu egindako ibilbide horrek guztiak eskala handiagoan lana egin ahal izateko eta antolatzeko gaitasuna eman digula”.

Eztabaidak mahai gainera

Gaur arratsalderako, hausnarketa, eztabaida eta formakuntza saioak prestatu dituzte Azpeitian. 16:00etan genero, hezkuntza eta gazte problematikak landuko dituzte, eta 18:00etan hasita, Gazte antolakundea. Jarraikortasuna eta hausturak hitzaldia izango da. Gauean aisialdirako aukera ere izango da, Pobresiak emanaldiarekin.

Egitaraua aurrera

Bihar ere jarraituko dute hitzaldi eta mahai inguruekin; 10:00etan, Prozesu sozialista izango dute hizpide gazteek, eta jarraian, 12:30ean, Ziklo politiko berria Euskal Herrian mahai inguruarekin itxiko dituzte saioak.

Gauean, ospakizunerako unea izango da: “Egunerokoan, herrietan, eskualdeetan zein maila nazionalean, antolakuntzaren bitartez prozesu sozialista pixkanaka elikatzen ari garela ospatu nahi dugu, baita egun horietan Azpeitian egin dugun lan guztia ere”. 19:00etan hasiko dira kontzertuak San Agustin kulturgunean, eta tartean ekitaldi politikoa ere egingo dute.

EZ DAGO IRUZKINIK