2020ko abenduaren 31n agortu zen Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen hitzarmena, eta ez dute ordutik berritu. Itun berririk ez dago, eta ustez negoziazio-mahaia iazko udan sortu bazen ere, administrazioak eta langileen ordezkariak ez dira bildu. Sindikatuen esanetan, dena den, enpresekin elkartu izan dira administrazioak.
Hitzarmen berririk ez izan arren, baina, lanean jarraitzen dute sektoreko beharginek, eta "baldintza prekarioetan", gainera. Gasteizko Udalak otsailean atera zuen zerbitzua lehiaketara, eta Zaintzen eta SACYR enpresei esleitu zitzaien; gutxienez, 2024ko urtarrilaren 31ra arte.
Langileek udalari eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari eskatu diete esku har dezatela hitzarmenaren negoziaketan, eta salatu dute sektoreak ez duela "prestigiorik administrazio publikoentzat"; "ahaztutako" beharginak direla diote.
Atzo protestara jo zuten langileek, eta Arabako Foru Aldundiaren aurrera mugitu ziren; datorren asteazkenean ere mobilizatuko dira. Lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duen hitzarmen bat lortu nahi dute; besteak beste, erregaien prezioen gorakadak landa-eremuetara egiten dituzten joan-etorriak garestitu dituela diote, eta gastu horiek konpentsatzeko eskatzen dute. Gainera, GOFEk jakinarazi du ez dituela langileen soldatak igoko, 2024ra arte behintzat. Lan karga handia dutela ere gogorarazi dute.