AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/29 09:51

Bilboko (Bizkaia) Ikasle Abertzaleakek jakinarazi duenez, batxilergo arruntak ezabatu nahi dituzte Errekalde auzoko Errekaldeberri ikastetxean, LOMLOE erreformak "baimentzen duen batxilergo berri batekin ordezkatzeko". Modu horretan, Errekaldeberriko ikasleak "gehienbat Lanbide Heziketako ikasketetara bideratzea" da asmoa, IAko kideen esanetan.

"Ez da kasualitatea Errekalde bezalako langile auzo batean eta segregazio ekonomikoak kolpatutako Errekaldeberri institutuan hori gertatzea, hezkuntzaren kalitate jaitsieraren eta ikastetxearen bazterketa prozesuaren testuinguruan", azaldu dute. "Aste batetik bestera" hartu den erabaki bat dela ere salatu dute, eta ikasleak zein haien senideak behartuta daudela "datorren urteko ikasketak erabakitzera, aldaketa berri horren inguruko informaziorik gabe".

Neurri horrek ikasleei, irakasleei nahiz Errekalde auzoko familiei "kalte handiak" ekar diezazkiela azpimarratu dute IAko kideek. Ikasleei dagokienez, argitu dute "bi aukera besterik" ez dituztela izango laster: "ikastetxez aldatu eta etxetik oso urrun egon daitekeen beste ikastetxe batera joatea, ala nahi ez dugun batxilergo bat ikastea". "Ez dugu batxilergo arruntak ikasteko aukerarik izango Errekalde osoan, eta ikasleok San Adrian edo Unamuno ikastetxeetara joan beharko dugu ikastera", seinalatu dute.

Esku-hartzea

Uste dute, gainera, helburua dela Errekaldeberriko ikasleak "unibertsitatean ikasteko aukeratik urruntzea eta zuzenean lan mundura txertatzeko ikasketetara bideratzea", "natur edo gizarte zientzietan espezializatu gabe".

Gogorarazi dutenez, azken urteetan "nabarmen handitu" dituzte inbertsioak Lanbide Heziketan, eta ikasketa horietara "bideratu" dituzte ikasleak. %65 hazi da Lanbide Heziketako ikasleen kopurua azken hamarkadan, Bilboko IAk zehaztu duenez.

"Horren arrazoia da Lanbide Heziketan eskuratzen diren ezaugarriak izango dituzten ikasleak behar dituela klase agintariak. Horrek adierazten du hezkuntza merkatuaren beharretara egokitzera datorrela neurri hori [Errekaldeberrin ezarri nahi dutena], eta ikasleok moldekatu beharreko objektu hutsa garela hezkuntza sistemarentzat. Batxilergo berriaren helburua argia da: ikasleria etorkizuneko lan-esku merkea osatzera bideratzea", ondorioztatu dute IAko kideek.

Protesta ostiralean

Hori guztia dela-eta, protestara deitu du Bilboko IAk. Ostiral honetan, apirilaren 1ean, Errekalde plazan elkarretaratuko dira 18:00etan. Errekalden batxilergo arrunta manten dezatela exijituko dute, baita ikastetxea baliabidez horni dezatela ere, auzoan "batxilergoa ikasteko aukera egokia" bermatuta egon dadin.

EZ DAGO IRUZKINIK