Azken asteetan, protestara jo dute Diario de Noticias de Álava egunkariko kazetariek eta argazkilariek, "20 urtetako prekaritateari" aurre egiteko. Izan ere, jakinarazi dute euren soldatak baxuak direla (1.300 euro hilean) eta izoztuta daudela 2012tik, eta enpresako zuzendaritzak legea urratzen jarraitzen duela, ez duelako Espainiako Estatuko prentsako lan-hitzarmena ere aplikatzen. Gogorarazi dute, gainera, Noticias de Álava-k urtero-urtero jasotzen dituela milaka euro diru publikotik, publizitate instituzionalaren bidez eta udalaren, Arabako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntza zuzenen bidez.
Langileek azaldu dute lan-ordutegirik gabe jardutera behartzen dituztela, ez dutela ordainketarik jasotzen egindako ordu estrengatik, eta berandu eta data zehatzik gabe kobratzen dutela. Hori gutxi balitz, enpresak "soldata-arrakala sexista" bat mantentzen duela diote, eta sexu-jazarpen kasuak "isilarazi" dituela sarri, horien berri izan arren.
Bestalde, egunkarian adimen artifiziala neurririk eta kontrolik gabe erabiltzen hasi direla ere salatu dute beharginek, eta praktika hori sustatzen ari dela enpresa. Une honetan, hainbat albiste idazten dira teknologia horren bitartez, eta hori langileekiko "errespetu" faltatzat jo dute; izan ere, ez zaie ez plantillari ez irakurleei eman adimen artifizialaren erabileraren berri.