AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iturria: Irutxuloko Hitza
2020/07/16 10:41

Sorosleek egunero egiten dituzte elkarretaratzeak Zurriolako hondartzan (Donostia, Gipuzkoa), eta isun bat emana izan zitzaien atzo, pankarta bat ez kentzeagatik. 12:00ak aldera, bi udaltzain hurbildu zitzaizkien ekainaren 15etik kaleratzeen aurka eta euren subrogatzearen alde mobilizatzen ari diren sorosleei.

Antza denez, pankarta gordetzeari muzin egin zioten langileek, eta isunez zigortu zituen Donostiako Udaltzaingoak, leku publikoa "baimenik gabe" okupatzeagatik.

Arratsaldeko 16:00etan izan zen sorosleen aurkako bigarren erasoa, FCC garbiketa enpresari deitu baitzioten pankarta kentzeko. Udaltzainak berriro hurbildu ziren orduan ere, pankarta kentzeko aginduz. Bigarren aldiz ezezkoa ematean, sorosleak identifikatzen hasi ziren.

Donostiako hainbat sorosle ekainaren 15etik ari dira protestan Zurriolako hondartzan, izan diren kaleratzeak salatzeko eta euren subrogazioaren defentsan. Egunero elkarretaratzeak egiteari ekin zioten pasa den hilabetean, 08:00etatik hasita 20:00etara arte, Donostiako Udalaren eta BPXport enpresaren kudeaketari erantzuteko.