AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Le Parisien
2024/06/17 09:55

Ekainaren 9an, gauez, 19 urteko gazte bat erail zuten polizia-indarrek Frantziako Estatuko Cherbourg-en-Contentin (Mantxa) hiritik hurbil. Itxura denez, auto batean zihoazen Sulivan izeneko mutila eta beste bi pertsona, eta ez ziren gelditu polizia-kontrol batean. Alde egiten saiatu ziren gero, autotik jaitsi eta oinez. Gazteen atzetik joan zen polizietako batek tiroz hil zuen Sulivan, bularraldean jota.

Bortizkeria polizialaren kontra, protestak izan dira hirian joan den asteburuan; hain zuzen ere, hildako gaztea jaio zen auzoan. Protesten barruan, besteak beste, hainbat materiali su eman zieten Provinces auzoan larunbatetik iganderako gauean; tartean, zenbait ibilgailuri eta langabezia-zerbitzu publikoari lotutako agentzia bati. Bi manifestari atxilotu zituen Poliziak, gutxienez.

Aurreko astelehenetik astearterako gauean ere izan ziren zenbait protesta Cherbourgen, eta asteazkenean ehunka lagun bildu ziren Sulivanen erailketa salatzeko martxa batean. Larunbatean bertan, aipatutako protestez gain, elkarretaratze bat izan zen Cherbourgeko auzitegi aurrean: bere senideek apelazio bat aurkeztu dute, gaztea hil duen agentea behin-behinean kartzelara dezatela eskatuz.

Sulivan erail zuen agentea auzipetu egin dute, baina ez dute espetxeratu: teorian, kontrol judizial "zorrotz" bat ezarri diote, iragan asteartean jakinarazi zutenez.

EZ DAGO IRUZKINIK