Faxista talde bat San Pedron (Pasaia, Gipuzkoa) batu zen joan den asteburuan, inpunitate osoz. Revuelta mugimendu faxistak eman zuen protestaren berri: bere hitzetan, "islamistek Trintxerpen sortutako terrorearen" aurka elkarretaratu ziren. Bandera espainiarrak eta aldarri faxistak eskuetan ibili ziren kalean: "Hau Espainia da, ez Maroko", "Menak kanpora", eta abar.
"Ez ditugu Menak nahi, ez hemen, ez Espainiako inongo auzotan. Joan daitezela euren gurasoengana", adierazi zuen faxista bozeramaileak. "Dikotomia posible bakarra" ondokoa dela esan zuen: "Islam-Maroko edo Espainia".
"Hemen gaude, batez ere, nekaturik gaudelako. Nekaturik Espainian zehar Menentzako zentroak irekitzearekin; inportatutako krimen-zentroak, inork bozkatu ez dituenak", azaldu zuen. "Feministekin" ere "nekaturik" daudela gaineratu zuen, leporatu baitzien ez dituztela "erasotzaileak seinalatzen", "gizon zuri eta heterosexualaren ereduarekin bat egiten ez dutenean".
Ustezko "traidore" batzuk ere seinalatu zituen: "Ikusten dute euren auzoak erabat desnaturalizatuak izaten ari direla, krimena lasai dabilela, eta beste aldera begiratzen dute". Hala, "itxaropena" aldarrikatu zuen Revueltako faxistak, "espainiartasuna euskal lurretan aurrera egiten" ari omen delakoan, eta babesa eman zien "Europan eta Espainian euren herrien defentsan" mugitzen ari diren talde faxistei.