Sexu-esplotaziorako sare baten kontrako operazio bat egin dute Belgikan eta Espainiako Estatuan. Zazpi proxeneta atxilotu dituzte, horietako bat Espainiako Estatuan. Gaur egun, lau ziren sarean harrapatutako emakumeak, eta Belgikan zeuden. Itxura denez, jatorriz, Hegoamerikakoak dira.
Hamabi miaketa egin dituzte operazioaren barruan, prostituzio-sareari lotuta. Tartean, Barakaldon (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroa) izan dira miaketak. Valentzian, Murtzian, Jerez de la Fronteran eta Madrilen ere topatu dituzte sarearekin zerikusia duten tokiak, eta badirudi hainbat dokumentu aurkitu dituztela horietan. 2023ko apirilean hasi zen sareari buruzko ikerketa.
Itxura denez, proxenetek hainbat web-orri erabiltzen zituzten prostituzio-iragarkiak argitaratzeko. Prostituzioan aritzeagatik emakumeek eskuratzen zuten diru-kantitatearen erdia, gainera, esplotatzaileek poltsikoratzen zuten.
Ikerketaren arabera, sexu-esplotaziorako sareak Belgikan eta Espainiako Estatuan banatuta egiten zituen lanak. Belgikan atzematen, esplotatzen eta kontrolatzen omen zituzten sarean harrapatutako emakumeak. Espainiako Estatuan, berriz, iragarkiak plazaratzeaz, bezero bortxatzaileekin harremanetan egoteaz eta dirua zuritzeaz arduratzen omen ziren.