AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/01 13:50

Inflazioaren azken zifrek autokonplazentziarako aukera ematen dute Espainiako Estatuan, Europako gainerako herrialdeetan baino azkarrago ari baitira apaltzen. Erregaiaren prezioari jarritako mugak batetik, eta bere posizio geoekonomikoak gasa bezalako erregaiak lortzeko ematen dion erraztasunak bestetik, inflazioa azkarrago jaisteko aukera ematen dio. Hala ere, datu engainagarriak izan daitezke, arretaz aztertzen ez badira.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) azaro amaieran argitaratutako Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) %6,8ko datua oraindik urrun dago Europar Banku Zentralak (EBZ) ezarritako %2ko inflazio mugatik. Gainera, inflazioaren gaineko arreta hilabete arteko aldakuntzatik harago jarri behar da, denboran zehar pilatzen doan datu bat baita.

Espainiako Estatuko inflazioak %12,4ko igoera izan du 2020ko datuekin alderatuta. Inflazioak azken hilabeteetan behera egin badu ere, azken kontsumo prezioek 2020an baino kopuru arras handiagoa erakusten dute. Bestalde, INEk azaroko datu bereiziak oraindik kaleratu ez baditu ere, komeni da urriko datuek elikagaien prezioetan utzitako gorakada oroitzea: elikagaiak %15,4 garestitu dira urtebete eskasean, inflazioaren zifra orokorra soberan bikoiztuz. Beraz, erregaiaren prezioan sumatzen ari den beherakada ez da gainerako kontsumo merkantzien prezioan islatzen.

Irabazi tasak berrezartzen

Inflazio datu orokorrak behera egiten ari badira ere, esanguratsua da azpiko inflazioak gora egin izana. %0,1 igo da azaroan, eta %6,3an kokatu da. Gauzak horrela, prezioen igoera jakin horiek adierazten dutenez, enpresaburuak krisi garaian izandako galerak berrezartzeko baliatzen ari dira. Merkantzia ugari, ziurrenik, euren ekoizpen kostutik gora saltzen ari dira; gehienbat, oligopolio egoeran dauden merkatuetan.

Hori gutxi balitz, azpiko inflazioaren gorakadak garestitzea denboran zehar luzatuko dela iragartzen du. Izan ere, azpiko inflazioak prezioen joera egonkorrago bat erakusten digu, energia bezalako prezio aldakorrak isolatzen baititu indizetik.

EZ DAGO IRUZKINIK