AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/16 19:58

Sekulako porrota jasan du gaur Lo que no te cuentan de Donostia talde erreakzionarioak. Asteak daramatza Gipuzkoako hiriburuan pertsona migranteak kriminalizatzeko mobilizazio-deialdiak egiten, eta gaur arratsalderako kontzentrazio bat antolatu zuen, segurtasunaren izenean. 18:00etan Easo Plazan elkarretaratzera deitu zuen.

Beste zenbaitetan egin bezala, deialdi erreakzionarioaren aurkako kontramanifestazio bat ere bazegoen deituta, leku eta ordu berean; Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez lelopean.

Gaur, hala, jende ugari joan da Easo Plazara 18:00etarako, baina erreakzionario apur batzuk baino ez ziren Lo que no te cuentan de Donosti-ren elkarretaratzera batzeko asmoa zutenak, hamar inguru. Gainerako ehunka pertsonak, arrazakeriaren aurka mobilizatzeko hurbildu dira Easora.

Lo que no te cuentan de Donosti-ko kideak babestu ditu Ertzaintzak, eta polizia-dispositibo handi bat ezarri du horretarako. Poliziak hainbatetan kargatu du kontramanifestazioan zeudenen kontra (gutxienez gazte bat zauritu du), baina haiek ez dute atzera egin, eta Easoko bazter batean bildu behar izan dira erreakzionarioak, erabat bakartuta.

Azkenean, faxismoaren, klasismoaren eta arrazakeriaren kontrako aldarria gailenduta, tokitik alde egin behar izan dute Lo que no te cuentan de Donosti-koek. Euren Telegrameko kanalean aitortu dute porrota, azpimarratuta "lau soilik" izan direla, "500en aurrean".