Poliziaren jazarpenaren aurrean, klase elkartasuna aldarrikatu dute Hernanin

Aurreko asteburuan Ertzaintzak gazte bana atxilotu zuen Hernanin eta Andoainen, kalean oldartu ostean. Bilbon, Iruñean eta Donostian ere izan ziren atxiloketak aste berdinean; azken asteetan, gainera, bereziki nabarmena izan da jazarpen poliziala Gipuzkoako hiriburuan, eta dozenaka izan dira zaurituak eta atxilotuak. Bart Plentzian eraman dituzte atxilo hiru pertsona, eta Ertzaintzak gomazko pilotak erabili ditu kalean zeudenen kontra.
Argazki Nagusia
Argazkia: Buruntzaldeko GKS
2021eko irailaren 1a

Aurreko larunbat gauean Hernaniko (Gipuzkoa) Alde Zaharrera sartu zen Ertzaintza, eta kalean zeuden hainbat gazteren aurka jo zuen. Gutxienez pertsona bat atxilotu zuen. Ostiral gauean, bestalde, eskualde berdineko beste herri batean oldartu ziren ertzainak: Andoainen (Gipuzkoa) egin zuten zenbait gazteren kontra, eta lagun bat eraman zuten atxilo. Hainbat komunikabideren arabera, "desordena publikoak" eragitea eta "agintaritzaren aurkako atentatua" egitea leporatzen diete bi gazteei.

Buruntzaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak, jazarpen poliziala salatzeaz gain, mobilizaziora deitu zuen joan den astelehenerako. Hala, egun horretan izan zen elkarretaratze bat Hernaniko plazan, Jazarpenen aurrean langile elkartasuna aldarripean.

Eskualdean gertatutakoa ez dela "kasu isolatu bat" izan seinalatu dute GKSko kideek, eta "COVID-19ari eman zaion aterabide polizialak" halako jazarpen kasuak are gehiago ahalbidetu dituela azaldu dute. "Jendartearen gaineko kontrol handiagoa eta zehatzagoa, lehendik askatasun gutxi zutenen askatasunen ukapen sistematikoa, komunikabideek ahalbidetutako gazteen gaineko kriminalizazioa eta estigmatizazioa, eta ondoren, haien gaineko esku-hartze polizial erabat arbitrarioak" dira agertoki horren isletako batzuk, GKSk salatu duenez. "Hori guztia egun sortzen ari den gizarte eredu berriaren erakusle da: gero eta gizarte eredu totalitarioagoa, askatasunik gabea eta pobrea", gaineratu du.

"Gizartearen bilakaera hori ahalbidetu eta baimendu duten agente politikoak seinalatzea" ere funtsezkotzat jo dute Buruntzaldeko GKSko kideek, alegia, "kolore guztietako alderdi politiko instituzionalak seinalatzea": "Haiek izan dira gaur, baita pandemian zehar ere, estatu polizialari bide eman diotenak".

ATXILOKETAK IRUÑEAN ETA BILBON

Aste berdinean, beste hainbat gauetan bezalaxe, Euskal Herriko txoko gehiagotan izan ziren jazarpen kasuak. Bilboko (Bizkaia) Bilbo Zaharra auzoan, esaterako, lau gazte atxilotu zituen Ertzaintzak ostiral goizaldean, "agintaritzaren aurkako atentatua" egitea egotzita.

Gau berdinean, udaltzainek 11 lagun eraman zituzten atxilo Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean; auzoan sartu eta hainbat gune hutsarazi zituzten polizia-agenteek, han zeudenen aurka jota. "Objektuak jaurti" zizkietela esan zuten poliziek.

JAZARPENAK ETENIK EZ DONOSTIAN

Donostian (Gipuzkoa) ere izan ziren atxiloketak aurreko asteburuan. Larunbat goizaldean, 03:00ak aldera, Bulebarrean zeuden hainbat pertsonaren kontra oldartu zen Ertzaintza: kalean zegoen gazteetako batek botila bat jaurti ziela argudiatuta, haren aurka jo eta atxilotu egin zuten ertzainek. Atzemandako laguna identifikatzen ari zirenean haiengana hurbildu zen gazte bat ere eraman zuten atxilo gero, hainbat hedabideren esanetan.

Egun bat beranduago, igande goizaldean, gutxienez bost pertsona atxilotu zituzten Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharrean eta Bulebar inguruan. Ertzaintzari "aurre egitea" egozten diete gazteei; hain zuzen, "desordena publikoak" eragitea eta "agintaritzaren aurkako atentatua" egitea leporatuta atzeman zituzten.

Aurreko asteetan ere etengabea izan da jazarpen poliziala Donostiako kaleetan. Aste Nagusia ospatuko litzatekeen datetan gogor oldartu zen Ertzaintza gauez kalean zeuden gazteen aurka; 30etik gora izan dira atxilotuak, eta ugariak polizien karga bortitzak nahiz horien ondoriozko zaurituak. Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak abuztuaren 20an jakinarazi zuenez, kalez jantzitako polizia-agenteek egin zituzten atxiloketetako batzuk, "etxera bidean zihoazen gazteak gelditu, jipoitu eta indarrera eramanez".

Abuztuaren 21erako, hortaz, mobilizaziora dei egin zuen Donostiako GKSk. Jazarpen polizialik ez, burgesiaren ofentsiba gelditu lelo hartuta, elkarretaratze jendetsua egin zuten arratsaldean Bulebarrean.

BART, PLENTZIAN

Atzo gauean, bestalde, Plentziako (Bizkaia) Alde Zaharrean zeuden pertsonen aurka egin zuen Ertzaintzak; jakinarazi dutenez, poliziak gomazko pilotak erabili zituen haien kontra. Hiru pertsona atxilotu zituzten, eta haiei ere egozten diete "desordena publikoak" eragitea eta "agintaritzaren aurkako atentatua" egitea.

Irudietan: Hernanin eta Donostian egindako protestak


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik