Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, martxoaren 21a. Gaur bezalako egun batean, 1960an, Poliziak su eman eta 69 pertsona erail zituen Sharpevillen (Hegoafrika), apartheid paseen legearen aurkako manifestazio batean. Azken urteotan egindako hainbat azterlanek agerian uzten dute gaur egun ere zer nolako garrantzia duen arraza-profilak polizia-indarren jarduketan; bai Espainiako Estatuan, bai Europar Batasunean. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak 2018an argitaratutako txosten baten arabera, biztanleen %24k adierazi zuten atxilotuak izan zirela inkesta egin aurreko bost urteetan, eta horietatik %41ek uste zuten euren arraza-profilagatik izan zela.
Espainiako Estatuan, Identifikazio polizialak profil etnikoaren arabera txostena egin zuen Valentziako Unibertsitateak 2013an, eta azterketak desberdintasun nabarmenak erakutsi zituen etniaren araberako identifikazio-tasetan. Ijitoak pertsona zuriak baino hamar aldiz gehiago identifikatu zituzten aztertutako epean; eta magrebtarrak eta afrolatinoamerikarrak, berriz, 7,5 eta 6,5 aldiz gehiago, hurrenez hurren.
Aurkikuntza horiek osatu zituen Giza-Eskubideen Aldeko Elkarteak 2016an egindako ikerketa batek. Granadako autobus-geltokia hartu zuten azterketarako espazio gisa, eta ikusi zuten poliziek geratzeko aukera askoz ere handiagoa zela pertsona beltzen, ijitoen, arabiarren eta latinoamerikarren kasuan, pertsona zuriekin alderatuta.
Bestalde, Kataluniako SOS Arrazakeria kolektiboak 2019an eman zuen polizia-identifikazioei buruzko azterketa baten berri. Bertan ondorioztatu zutenez, polizia-indarrek identifikatutako herritarren artean, nazionalitate espainiarra zuen pertsona bakoitzeko, 7,4 atzerritar identifikatu zituzten.
Gainera, Rights International Spain erakundeak 2020an egin zuen ikerketa bat, COVID-19aren osasun-krisi garaian. Besteak beste, jatorri afrikarreko pertsonak edo jatorri afrikarreko herritarren ondorengoak inkestatu zituzten, eta %70ek baino gehiagok salatu zuten arraza-profilean oinarritutako identifikazioak jasan zituztela alarma-egoeran. Datu horiek guztiek adierazten dute arraza-diskriminazioaren problematika etengabea dela, eta bereziki bortitza dela polizia-kontroletan.