Poliziak beste pertsona bat erail du Frantziako Estatuan. Toulousen izan da oraingoan, uztailaren 25etik 26rako gauean: jendarmeek 28 urteko gazte ijito bat hil zuten polizia-kontrol batean, bere familiarekin zihoala.
Maïky Loerch bere bikotekidearekin eta sei hilabeteko haurrarekin zihoan autoan, jendarmeek kontrol batean geratu zituztenean. Itxura denez, eztabaida piztu zen polizia-agenteen eta ibilgailuan zihoazenen artean, eta Loerchen kontra tiro egin zuten jendarmeek: gutxienez bost tiro egin zituzten, eta horietako batek buruan jo zuen gaztea.
Erailketaren hurrengo egunean, protestara jo zuten Loerchen senideek eta beste hainbat lagunek, gertatutakoa salatzeko: justizia eskatu zuten, eta hildako gaztearen gorpua eman ziezaietela exijitu zuten. Purpan ospitalean izan zen protesta, eta, gerora, gogor erreprimitu zuen Poliziak: negarra eragiteko gasa erabili zuen Loerchen gertukoen kontra.