AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/04 10:19

Aurreko asteburuan, beste erailketa matxista bat izan zen Euskal Herrian: Pasaian (Gipuzkoa), 45 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekide ohiak. Leonor zen andrearen izena, eta aldez aurretik bere hiltzailea salatu zuen enegarren biktima da. Hain zuzen ere, urruntze-agindu bat urratu zuen 53 urteko erasotzaileak, bera hil aurretik.

Poliziak gutxienez birritan ikertu zuen gizonezkoa, Leonorren aurkako indarkeria matxistagatik. Emakumeak 2020ko urtarrilean jarri zuen salaketa bat, bikotekide ohiak emandako tratu txarrengatik eta mehatxuengatik. 2021ean berriz izan zuten jomugan erasotzailea, beste behin eraso ziolako emakumeari, baina, kasu horretan, ez zuen salaketarik aurkeztu andreak.

2022ko urtarrilean, artxibatu egin zuten Leonorrek bi urte lehenago jarritako salaketa. Hala ere, gaur egun, indarrean zegoen urruntze-agindu bat. Hura hautsi zuen gizonak aurreko asteburuan, emakumearen Antxoko etxera bertaratu eta indarrez sartu zenean.

Etxe parean ezkutatu zen lehenengo, eta Leonorren pisukidea atxiki eta atea irekitzera behartu zuen gero. Barruan zegoenean, pistola batekin tirokatuta erail zuen emakumea, bere alaba etxean zegoela. Donostiako (Gipuzkoa) epaitegi batek astearte honetan agindu du hiltzailea kartzelan sar dezatela.

Protokoloak

Emakunde erakunde publikoak eta Pasaia Bekoz Beko elkarte feministak aztertu egingo omen dute zein prozedura instituzional jarraitu zen Leonorren kasuan. Dena den, berriz geratu da agerian erakunde publikoen eta polizia-indarren protokoloen antzutasuna. 2022an, Espainiako Estatuan eraildako 49 emakumeetatik hogeik, aldez aurreko salaketak zituzten jarrita euren hiltzaileen kontra.

Emakume biktimen ia %40 migranteak

Gaur arratsalderako, protesta bat antolatu dute Gipuzkoako SOS Arrazakeriak kolektiboko etxeko langileek, Antxon bertan. Izan ere, etxeko langilea zen Leonor, Kolonbiatik Euskal Herrira migratutakoa. Kazeta honek berriki jakinarazi du, hilketa matxistei buruzko azken datuen arabera, indarkeria matxista dela-eta eraildako zazpi emakumetik bost zirela immigranteak Espainiako Estatuan.

EZ DAGO IRUZKINIK