AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/07 23:45

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren datuen arabera, Espainiako Estatuan 2022an bikoteak edo bikote ohiak eraildako 49 emakumeetatik hogeik aurretik salatu zuten euren erasotzailea. Horietatik bost kasutan, gainera, aldentze-agindu bat zegoen indarrean.

Behatokiak 2023ko abenduan kaleraturiko txostenak erakusten duenez, salaketaren bat jarri zuten emakumeetatik 11k babes-neurriak ere eskatu zituzten polizia-bulegoetan (gehienek urruntze-agindua eta komunikatzeko debekua). Hala ere, soilik hiru kasutan zegoen indarrean halako neurriren bat. Kasu horietako batean ukatu egin zioten eskaera emakumeari, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren esku dagoen VioGén sistemak ez baitzuen "arrisku-egoera objektiborik" ikusi; bistan da bazegoela.

Salaketarik bazen kasuen %92tan, indarkeria fisikoko erasoak ziren tartean (bultzadak, ile-tirakadak, era guztietako kolpeak eta itotze-saiakerak). Kasuen %40tan indarkeria psikologikoa ere izan zen (heriotza-mehatxuak, seme-alabez gabetzeko mehatxuak, mespretxuak eta irainak), eta %8tan babes-neurriak hausteagatik aurkeztu zen salaketa. Kasuen %51tan hiltzailea eta emakumea ezkondurik zeuden edo ezkonduta egondakoak ziren, eta beste %30,6k, berriz, bikote-harremana zuten.

Txostenaren esanetan, hamar hilketatik zortzi bikotearen etxebizitza komunean edo bikotekide ohiaren bizilekuan gertatu ziren, eta eraildako lau emakumetik hiru euren erasotzailearekin bizi ziren erailak izatean. Eraildako 49 emakumeez gain, 2022an bi adingabe hil zituzten euren aita biologikoek, eta horietako kasu batean, erasotzailea eta neska elkarrekin bizi ziren.

EZ DAGO IRUZKINIK