Aurreko larunbatean, gaueko 22:00ak aldera, Txantreako (Iruñea, Nafarroa) kaleak hartu zituzten hainbat polizia-indarrek. Udaltzaingoa joan zen lehenengo Maiatzaren Lehena plazara eta, beranduago, Foruzaingoa bertaratu zen. Plazan taldeka zeuden gazteak identifikatzen eta miatzen hasi ziren poliziak; orduan, handik gertu dagoen Txantrea plazan zeuden hainbat gazte hurbildu ziren, zer gertatzen ari zen ikusteko.
Ziztu bizian heldu ziren orduan Espainiako Poliziaren hainbat furgoi, eta bertan zeuden pertsonen aurka oldartu ziren polizia-agenteak. Une horretan hasi ziren istiluak. Espainiako Poliziak, azkenean, bi plazak hartu zituen, eta kalean ikusten zuten edozein auzokideri, oihuka, etxera joateko agindu zieten poliziek.
Gertakari horien harira, adierazpen bat atera zen argitara atzokoan, Aski da! lelo hartuta. "Poliziaren jardun errepresiboa" salatzeaz gain, polizia-indarren "inpunitatea" seinalatzen da ohar horretan, eta egileek jakinarazi dute ez diotela uko eginen "kalean harremantzeko eta elkartzeko aukerari".
"Masa-komunikabideek", gaur egun, gazteen aurkako "kriminalizazioa" elikatzeko betetzen duten papera ere jartzen dute jo-puntuan, eta "autodefentsaren antolakuntzaz geure bizitzen gaineko kontrola" eskuratzeko aldarria ere egiten dute.