Pasa den igandean, urtarrilaren 31n, Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxera bertaratu zen Ertzaintza. Tolosaldeko Itaiako kideak formakuntza saio bat ari ziren egiten barruan, baina polizia-agenteek banan-banan aterarazi zituzten guztiak. Gero, guztiak identifikatu zituzten.
COVID-19ari dagokionez Tolosa eremu gorrian dagoela eta, beraz, horrelako ekimenak antolatzea debekatuta dagoela argudiatu zuten ertzainek. Itaiako kideek salatu dute, ordea, "antolakuntza politikoa oztopatzea" izan zela polizia-indarren esku-hartze horren helburua.
Izan ere, adibide modura aipatu dute, aste horretan bertan, Tolosako Udalak hainbat tailer eta hitzaldi egin zituela herrian, inolako oztoporik gabe. Gainera, Emakumeen Antolakunde Sozialistako kideek nabarmendu dute osasun-irizpideak bermatu zituztela igandeko formakuntza saioan.
Asteburuan jasandako erasoa "askatasun politikoen aurkako eraso zuzen" modura kokatu dute, eta horrelako esku-hartzeek "emakume langileen askapenera bidean lan politikoa egitea oztopatzen" dutela seinalatu. Horren aurrean, "emakume langileen gaitasunak antolatzeko lanean jarraitzeko" konpromisoa berretsi dute.