AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Lluís Brunet/La Directa
2023/09/06 11:00

Hainbat mugimendutan infiltratutako beste polizia-agente bat atzeman dute Madrilen. El Salto-k eta La Directa-k jakinarazi dutenez, bere burua "Sergio Botana" modura ezagutarazi zuen polizia bat sei urtez egon da sator-lanak egiten; besteak beste, Moratalazko gazteen asanbladan eta Madrilgo Errepresioaren Kontrako Mugimenduan (MAR, gaztelerazko sigletan).

Avilako akademian formakuntza jaso ostean, Sergio G.A. 2014an izendatu zuten polizia-agente. 2015ean ekin zion bere infiltrazioari, Madrilen. Mugimendu sozialen gorakada bete-betean, Moratalazko elikagai bankura hurbildu zen lehenengo. Parte hartzeari ekin zion, eta Distrito 14 izeneko gazteen asanbladan ere sartu zuen muturra 2015eko udaberrian. Handik aurrera, ekintza ugaritara ere batu zen "Sergio Botana": banketxe baten okupazioan izan zen, baita 2017an Katalunian egin zuten erreferendumaren defentsan ere, Bartzelonako El Carmel eskolan.

Valtònyc rap-abeslariaren kontrako prozeduraren harira, 2018an sortu zen Madrilgo Errepresioaren Kontrako Mugimendua, eta hor ere aritu zen infiltrazio-lanetan Sergio G.A. 2019an hasi zen Distrito 14 asanbladatik urruntzen, eta MAR-en izan zen bere ustezko azken jardun politikoa. El Salto-k eta La Directa-k argitara eman dutenez, 2019an inspektore izendatu zuten Sergio G.A. Orduan ekin zion, apurka-apurka, infiltrazio-lanak egiteko sortutako nortasun faltsua alde batera uzteari eta desagertzeari.

2021eko otsailean agertu zen berriz, Pablo Hasel abeslaria espetxeratu zutenean eta protestak piztu zirenean. Horren ondoren, berriz urrundu zen ustezko jardun politikotik.

Urte horietan guztietan zehar, laguntasun-harreman ugari sortu zituen "Sergio Botanak". Militante batzuekin pisua partekatzera iritsi zen, baita kide batekin zenbait urtez harreman sentimental bat izatera ere. 2021ean espazio militanteetatik aldendu zenean, harreman guztiak baztertzen ere hasi zen.

Sei kasu azken urtean

Azken hamabost hilabeteetan, infiltratutako sei polizia atzeman dituzte hainbat hedabidek eta mugimenduk; hala nola, Bartzelonan, Valentzian edota Madrilen. Uztailean eman zuten argitara azken kasua, Madrilen bertan: Aranjuezko Marta modura ezaguna zen pertsona bat polizia-agente bat zela jakinarazi zuten. Nagusiki, errepresioaren aurkako mugimenduetan hartu zuen parte zenbait urtez.

Distrito 14ko kideen adierazpenak

"Sergio Botanaren" infiltrazioa ezagutzera eman denean, hitza hartu dute Distrito 14 asanbladako hainbat kide ohik. Idatzi bat argitaratu dute, kasu horren harira egindako zenbait hausnarketarekin. "Infiltrazioak gertatu dira, eta gertatzen jarraituko dute. Premisa hori onartuta, nola ezin izan genuen kontzientzia eduki polizia-infiltrazio bat posible zela poliziak jazarritako kolektibo batean?", diote.

Hala, askotariko espazioetako militanteei mintzatu dira. "Gertakariak gertakariak dira, eta horren aurrean, bi aukera baino ez daude: ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea edo ikastea, gure orain eta etorkizun militantzea hobetzeko", hausnartu dute. Antolakunde eta mugimendu politikoei dei egin diete "arazo hau seriotasunez hartzera", eta hainbat arrisku seinalatu dituzte: "borroka politikoak dituen inplikazioei buruzko kontzientzia falta eta gisa horretako kalteak arintzeko babes-neurrien falta antolakundeetan".

EZ DAGO IRUZKINIK